ZIENTZIA UHINAK

Garazi Andonegi Beristain: “Gizartearen aurrerapenak euskaraz eta modu kritikoan zabalduko ditugu”

Euskalerria Irratia 2025eko urriaren 8a

Zientzia hedabide digitala aurkeztu du Elhuyar Fundazioak. Euskaraz sortua, 25.000 edukitik gora biltzen ditu

“Euskaraz sortua, bertako ahots eta begiradekin, gure teknologiarekin eta mundu zabaleko edukiak ekarrita. Diseinu dinamiko eta funtzionalarekin eta 25.000 edukitik gora dituena”. Horrela definitu du Elhuyar Fundazioak zientzia.eus hedabide digital berria. Orain arte ikusgai egon diren zientzia.eus eta aldizkaria.elhuyar.eus webguneak uztartu, eta “gaur-gaurko edukiak eta gizarte kritiko batentzako begiradak ekarriko ditu hedabide digitalak”, Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko zientzia unitateko koordinatzaileak azaldu digunez.

Zientzia eta teknologiako gaiak eskaintzen ditu, formatu desberdinetan: zientziaren arloko albistegiak eta bitxikeriak bideo laburretan; ingurumenari, feminismoari eta zientziari buruzko podcastak; elkarrizketak; euskal ikertzaileen begirada kritikoa eta iritzia; basabizitzaren argazkiak; herritarrek iritzia emateko espazioak; emakume zientzialarien efemerideak... Horretaz guztiaz gain, egungo gizarte-krisiak eta kezkak ere azalean jarriko ditu: osasun mentala, trantsizio ekosoziala, ingurumena, balioak...

Erabiltzaileen parte hartzea ere bultzatuko du zientzia.eus atariak. “Erabiltzaileei dibulgatzaile bihurtzeko aukera ematen dien atala ere aurkituko dugu; izan ere, Gai librean atalak aukera ematen dio nahi duenari bere edukia bidali eta editoreek aztertu ondoren argitaratzeko”, nabarmendu du Garazi Andonegi Beristainek. Asteroko inkestak edota iritzia emateko aukera ere jasotzen du hedabide digital berrituak.

Gainera, hedabide digitalak Elhuyarren garatutako teknologia aurreratuenak ditu: itzultzaile automatikoa sei hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, katalana eta galegoa), testua entzuteko ahots automatikoak, eduki-proposamen automatikoak, bilatzaile aurreratua…

Irrintzi Plaza saioan bildu ditugu Elhuyar Zientziak hedabide digital berriaren inguruko xehetasunak Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko zientzia unitateko koordinatzailearen eskutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!