2023ko urriaren 7an abiatu zen sarraskiaren lehenengo urteko bilakaera eta gertakariak islatzen dituzten artikuluak liburu bakarrean biltzea, genozidioaren euskal ikuspegi orokorra edukitzeko. Horixe da Euskal Wikipediak argitaratu nahi duen Palestina eta Ekialde Hurbila sutan (2023-2024) liburuaren helburua. Horretarako, itsulapiko.eus-en crowfunding kanpaina bat martxan jarri du, herritarren parte-hartzea bilatuz.
Iñaki Lopez de Luzuriaga Euskal Wikilarien Elkarteko kidearen arabera, asmo argi batekin ekin zioten artikuluen bilketari: "Batasun kontzeptual bat transmititu nahi genuen Gazako zein ingurune osoko eskalada militarraren inguruan. Ingurune osoan eragiten baitu eta, ondorioz, mundu osoan. Euskal ikuspegia ere izan nahi genuen horretan, ikusteko gure gizartea nola astindu duen".
Liburua 24 artikuluk osatuko dute. Horietako batzuk, gatazkaren bilakaera nolakoa izan den islatzen dute eta beste batzuk gertakari zehatzei erreparatzen diete, tartean Jabaliako azokan 2023ko urriaren 10ean gertatutako sarraskia edota Rafahko konboi humanitarioaren sarraskia. Izan ere, Lopez de Luzuriagaren aburuz, denboraren poderioz eta gertakari berrien pean ahaztuta gelditzeko arriskua duten gertakariak dira, gatazka orokorraren baitan garrantzia sinboliko berezia izanagatik.
Aipatu edukiez gain, gatazkaren zabalpena eta nazioartean gertatutako erreakzio desberdinak biltzeko asmoa du liburuak, baita Palestinako genozidioaren inguruan mundu zabalean piztu diren protesta eta elkartasun keinuak ere, Euskal Herriak palestinarrekiko erakutsitako elkartasuna tartean, "txalotzeko modukoa izan dena".
Liburu argitaratzeko crowfunding kanpaina dagoeneko abian da eta itsulapikoa.eus plataformaren bitartez babestu daiteke. Bertan, diru-ekarpen desberdinen artean aukeratu daiteke. Lopez de Luzuriagak argitu bezala 10.000 euroko laguntza behar dute eta dagoeneko laguntzak jasotzen hasi diren arren, oraindik ez dira helburura iritsi.