“Abuztuaren bukaeran hasi behar gara neguan jasoko ditugun produktuak landatzen. Iraila ere hilabete egokia da. Guk brokoliak, azaloreak, porruak, eskarola edota kardua landatu ditugu jada. Orain, horien jarraipena egiteko momentua da”. Irrintzi Plaza saioan Baratzondo izeneko atal berriari ekin diogu @lamutilhuerta-ko kideekin. Irene Seminario eta Eider Etxeberria izan ditugu estudioan.
Udako denboraldiaren laburpena egin digute. Tomate gozoak jan dituzte eta albaka usaia izan du haien baratzeak. Piperrak aldiz, ez dira nahi bezala atera. Meloia eta sandiarekin ere saiatu ziren baina ez zuten arrakastarik lortu.
Uda amaitutakoan, neguko denboraldian pentsatzen jarri ziren Ollokin duten lur eremuan. “Urtaro bateko aurrerapenarekin lan egin behar da baratzean. Gabon gauean kardu goxoa afaltzeko, jada landatua egon behar da”.
Aitor Gartzia, Eider Etxeberria, Irene Seminario, Idauze Zaratiegi eta Silvia Raya dira @lamutilhuerta baratzeko kudeatzaileak. Instagrameko kontu honek 20.500 jarraitzaile baino gehiago ditu eta Ollokin kokatuta dagoen lursailaren kudeaketaren egunerokoa kontatzen digute argazki eta bideo motz dibertigarrien bitartez.
Baratze berezi honen lehenengo pausoak 2019an eman zituzten Aitor Gartzia eta Eider Etxeberriak. Aitorren gurasoek Mutiloan zuten lorategiko baratze-alorra lantzen hasi zirenean. Ingurumen zientziak ikasi arren baratzearen mundua ezezaguna zen haientzat eta hutsetik hasi ziren.
Uharteko haztegira joan ziren haziak erostera eta, eserita zain zeudela, beren esperientzia sare sozialetan igotzea eta unibertsitatean eskuratutako ezagutzak zabaltzea bururatu zitzaien. Denborarekin milaka dira haien jarraitzaileak. "Helburua ez da inoiz jarraitzaileak lortzea izan. Naturala izan da, ondo pasatzen dugu, nahi dugunean grabatzen dugu eta jendeari edukia barregarria eta interesgarria iruditzen zaio ", aitortu digute Irene Seminario eta Eider Etxeberria @lamutilhuerta-ko kideak.