Julen Azkona (Neu Troia): "Gure musikaren atmosfera iradokitzailea zuzenekoetara eramaten saiatzen gara"

Miren Mindegia 2025eko irailaren 26a

Neu Troia taldeak estreinatuko du Labako egoitza berriaren oholtza, gaur 19:00etan emanen duen kontzertuarekin

Gaur estreinatuko da Labaren egoitza berrituaren eszenatokia, Neu Troia taldearen kontzertuarekin. Arratsaldeko 19:00etan izanen da emanaldia eta bertan talde gipuzkoar-nafarrak 2024ean plazaratu zuen Arriskuaren xarma diskoko abestiak oholtzaratuko ditu. Diskoaren “atmosfera psikoldeliko eta iradokitzailea” zuzenekoetara gero eta modu garbiagoan eramatea lortzen ari direla aitortu digu Julen Azkona taldearen buru eta bihotza denak. 

Bakarlari gisa hasitako bideari talde forma eman dio gerora Azkonak, Gorka Gabilondo, Xabier Matxain eta Iker Vazquez “neutroianoekin” elkartu ondoren. Berak erran bezala, modu naturalean iritsi zen taldearen soinua, bilaketa fase baten ondoren. “Estilistikoki nahiko lan borobila gelditu dela esango nuke. Esan digute nahiko pop psikodelikoa dela, hasieran nik ez nuen hala pentsatuko baina kanpotik hala deskribatzen dizutenean konturatzen zara akaso baietz, baduela hortik ere”. 

Abestiei dagokienez, denborarekin hasierako kantuen existentzialismotik aldentzen joan dela aitortu du Azkonak. “Hasieran gauza pertsonalagoei buruz hitz egiten nuen, baina taldean hasi ginenean ‘ni’ horretatik aldendu naiz gehiago. Musikaren gainetik letrak garrantzia handiegirik hartu ez dezan ere saiatu gara”. Musikari iruindarrak Psikofonia abestia interpretatu du zuzenean, Irrintzi Plazan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!