Unai Zabaleta: "Gure Zirkua proposamen fresko, aldaketa askorekin eta emozionatzeko aukerarekin dator"

Maialen Huarte Arano 2025eko irailaren 26a

Gure Zirkuko karpa altxatu dute Uharteko Aldagarria Pasealekuan eta lau asteburuz izanen da ikuskizuna eskaintzeko prest. Euskaraz ere dibertitzeko aukera badagoela erakutsi eta adin-tarte guztietarako emanaldiak izanen direla gogorarazi dute: "Ongi pasatzeko, emozionatzeko, barre egiteko aukerak... gure hizkuntzan eta naturaltasun osoz eskainiko dugu proposamen borobil batekin", azaldu du Unai Zabaletak, Gure Zirkuko familiako kideak. 

Publiko guztientzako egindako zirkua ikusi ahal izanen da gaurtik aurrera Uharteko Aldagarria Pasealekuan. Karpa elkarlan eta auzolanean altxatu dute Gure Zirkuko familiako kideek eta prest dira lau asteburuz magiaren ateak zabalik izateko. Unai Zabaleta leitzarra da horren parte: 

Zer nolako proposamena dakarzue aurten?

Oso proposamen freskoa, aldaketa mordoxka dituena, publiko guztiarentzako izanen dena, ongi pasatzeko, parre egiteko eta emozionatzeko aukera eskainiko dugu gure hizkuntzan; euskaraz. Proposamen borobila esanen nuke. 

Gure Zirkuko familiari entzun diogu beti, ez dela bakarrik haurrentzako ikuskizun bat, gozagarri izan daitekeela edonorentzat.

Bai, eta horren adibide azken asteburuetan bizitakoa. Donezteben izan gara eta uste dut inoizko jenderik askotarikoena bildu dela. Harritzeko modukoa izan da. Jende heldua izan da gehien hurbildu dena: aiton-amonak, helduak, gurasoak, gazteak... beti esaten dugu publiko guztietarako dela. Zirkua ez da adin batera mugatu behar. Denok goza dezakete. Nire proposamena litzateke: ahazteko adinak eta hurbiltzeko gure karpara. 

Sarrerak non eskuratu daitezke?

Gurezirkua.eus helbidera sartu eta hor eskuratu daitezke. Gaurtik aurrera takila ere zabalduko da eta txarteldegian ere izanen da aukera eskuratzeko. Dena dela, mugitzeko mezua ere helaraziko dugu, izan ere agortzen hasiak dira. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!