Zinemaldia

Ariane Kamio (Naiz): "Palestinak Zinemaldiaren edizio hau zeharkatu du"

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 24a

Zinemaz gaindiko errealitateak zeharkatu du aurtengo Zinemaldia. Astelehenean hainbat aktorek Palestinaren aldeko agerraldia egin zuten, Euskal Zinemaren Galan ere argi gelditu zen genozidioaren kontrako oihua, eta asteazken arratsaldean manifestaldira deitu da

Zinema eta bizitza banaezinak direla argi gelditu da, beste behin, Zinemaldiaren 73. edizio honetan ere. Ariane Kamio kazetariak nabarmendu bezala, Palestinarekiko babesa jaialdia zeharkatu duen mugimendua izan da. Asteazkenean bereziki nabaritu zen hori. Veneciako jaialdiko estreinaldian ordu erdiko txalo zaparrada eragin zuen The voice of Hind Rajab filma erakutsi zen Donostiako jaialdian, eta filmeko arduradunek alfonbra gorritik pasatzeko txanda ere izan zuten. 

Palestinako sarraskian hildako sei urteko haurraren ahotsa herrialde oso baten ahots bilakatu da filmaren eskutik. Genozidio baten pean desagertzen ari den herrialde batena. Filmaz gain, Palestina jaialdi osoan oso presente egon da, Kamiok nabarmendu bezala, aktore, zuzendari, teknikari eta, oro har, jaialdian parte hartzen ari diren guztien aldetik. 

Euskal Zinemaren Galan ere nabarmen agertu zuten parte-hartzaileek babes hori. Alde horretatik, Kamiok nabarmendu bezala, "edizio honetan euskal zinemaren kalitate handia" ere argi gelditu da. "Euskal ekoizpeneko 38 film, horietako lau sail ofizialean eta bi urrezko maskorra eskuratzeko hautagai gisa". Zalantzarik gabe, inoizko markarik handiena. Izen propio bat nabarmentzekotan, Nagore Aranbururena azpimarratuko luke Kamiok. "Bere urrezko garaian dagoela argi dago, sail ofizialean dauden film guztietan parte hartzen du, baita aurkeztu den euskal telesail bakarrean ere". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!