HISTORIA

Benjamin Tuterakoa, Ibn-Batuta eta Marco Polo, Erdi Aroko bidaiariak

Oier Santamaria 2025eko irailaren 23a

Irrintzi Plazara kolaboratzaile berri bat iritsi da. Oier Santamariarekin historiaz mintzatuko gara, atzera begirako bidaia egingo dugu hilabetero

Erdi aroko bidaiari ezagunak eta ezezagunak

Kokatu dezagun gure burua Erdi Aroan, XII eta XIII. mendeen artean zehazki. Gaur egun ezagutzen dugun mundua, ez da hain ongi ezagutzen. Mapetan, hutsune zuriak, animali mitologikoak eta bestelako forma arraroak aurkitzen ditugu, ezezaguna denaren adibide bezala.

Gaur egun, bidai izugarriak egiten ditugu gure oporretan. Europan barna Interraila egin dugu askok, Japonia, Txina eta ekialde urrunarekin liluratuak gaude… Baina garai honetan, europar gehienak ez ziren haien herrietatik edo eskualdeetatik ateratzen, are gutxiago haien kontinentetik. Salbuespenak salbuespen (merkatariak, gurutzadetako soldaduak, etab.), jendea jaiotzen zen herri edo hirian hiltzen zen eta haien eskualdea zen enpirikoki ezagutzen zuten ingurumen bakarra.

Ezagutza falta hau, ez zen soilik jende arruntaren kontu bat, baizik eta noble eta eliz-gizonen kontu bat ere. Mendeetan zehar, Europako gorteetan Prester John izeneko figura mitologiko baten gutun faltsuak egon ziren irakurtzen, Afrikako edo Asiako errege-sazerdote boteretsu bat, musulmanen aurkako aliatu handia izango zena, batzuetan, Etiopian kokatuz, beste batzuetan Mongolian.

Beraz, oso erraza da ulertzea gure gaurko atalaren protagonistek haien garaian hartu zuten ospea, gaur egun batzuk ahaztu ditugun arren.

Marco Polo
Agian jende guztiak ezagutzen duen bidaiari bakarra Marco Polo veneziarra dugu, munduko bidaiaririk famatuena. Baina ez pentsa gu bezalako pertsona bat izan zenik. Polo familiako kideak merkatari boteretsuak izan ziren, haien ondare-propietateak Venezian, Konstantinoplan edo Soldaian (Crimea) aurki ditzakegu, eta Veneziako gobernuan influentzia handiak izan zituzten.

Acre, Trebizonda, Bagdad, Tabriz, Ormuz, Beijing, Yangzhou eta beste hamaika hiri bisitatu zituen Marco Polok bere aita eta osabarekin, baina kasualitate bati esker iritsi zaizkigu haien bidaien kontakizun idatzi bat. 1290eko hamarkadan, Genova eta Veneziako merkatari errepubliken artean, gerra hasi zen, eta eztabaida honen baitan Marco Polo gatibu hartu zuten Genovesek. Preso egon zen garai honetan bere bidaiak kontatu zizkion Rustichello Pisakoari, Il Miliore edo Marco Poloren Bidaiak izeneko liburuan.

Benjamin Tuterakoa
Baina Marco Polo baino aurretik, gure bizilagun bat dugu bidaiari garrantzitsuen adibide, Benjamin Tuterakoa izena duena. Bere bizitza eta bidaien informazioa, berak idatzitako eskuizkribuetatik ateratzen dugu. Aipatzekoa da, garaiko idatzi, edizio eta itzulpen guztiak kontuan hartuta (36 kopia), Nafarroak 0 dituela bere lurraldean, hurbilena Madrilen egonen.

Historialari, garaiko geografo eta etnografoentzat, idazle eta bidaiari izugarri garrantzitsua izan zen gure Benjamin, bidaiatzen zuen bitartean, tokian tokiko ondarea, komunitateak, haien ohiturak, gobernuak, etab. bere idazkietan bildu baitzituen. Judutarra izanik, hirietan eta judu-herrietan biltzen ziren juduei garrantzi handia eman zien, presentzia izugarri handia zutenak Iberiar Penintsulako eta Mesopotamiako hirietan eta presentzia garrantzitsua Mediterraneo osoan zehar.

Modu honetan ia 200 biztanleria zentro bisitatu zituen. Ebro Ibaia, Katalunia, Okzitania eta Probentza, Italiako Iparraldea, Erroma, Napoli eta Sizilia, Grezia, Konstantinopla, Jerusalen eta Palestinako beste hiri batzuk, Damasko, Bagdad, Basra eta Arabiako portuak, Kairo eta Alejandria bisitatu zituen haien artean, Abasien gobernuez, judutar, druzi eta bestelako komunitateez, arkitekturaz eta tokian tokiko istorio eta mitoez bere testuetan erregistroa utziz.

Egipton, adibidez, Nafarroako Erreinuko itsasontziei egiten zien erreferentzia, portu handi eta famatu horretan merkataritza lanetan arituko liratekeenak. Hala ere, aipatu beharra dago presentzia txikia izango luketela, Veneziarren eta Genovesen esparrua baitzen ekialdearekin merkataritzan aritzea.

Benjamin Tuterakoa gure historiaren figura izugarri garrantzitsua den arren, ez da hain ospetsua. Hurrengoan, Mendebaldeko Benjamin Tuterakoa kaletik edo Tuterako IES Benjamin de Tudelaren aurretik pasatzen zaretenean, oroitu ezazue gure bidaiari maitea.

Ibn-Batuta
Bukatzeko, Ibn-Batutari minutuxo bat eskaini nahiko nioke ere. Tangerren jaiotakoa, bidaiari Maghrebiarra 120.000 kilometro bidaiatu zituen bere bizitzan zehar, Egipto, Siria, Persian, India, Txina, Mali, Iberiar Penintsula, Ekialdeko Afrika eta Maldivak bisitatu zituen besteak beste. Gure entzuleek ongi uler dezaten, berak egindako kilometroak Lurrari ia hiru buelta ematea bezala izango litzateke!

Garaiko bidaiaririk garrantzitsuena da, ez soilik bidaiatu zuen distantziarengatik, baizik eta bere bidaian bildu zituen egoera soziopolitiko, kultural eta erlijiotsuengatik. Europa kristauan horrelako bidaiak arraroak baziren ere, mundu musulmanean gehiagotan gertatzen ziren. Ibn-Battutaren bidaia Mecarako peregrinazio batekin (edo Hajj-arekin) hasi zen eta bere epai, diplomatiko eta idazkari formakuntza baliatuz, mundu musulmana eta bere periferiak bidaiatu zituen, erlijio eta komunitate luze honek eskaintzen zituen segurtasuna probestuz.

Hau guztia esanda, beraz, zergatik ez dugu ezagutzen Ibn-Batutta? Zergatik gure eskoletan, edo gure historia graduetan ez da aipatzen erdi aroko bidaiari garrantzitsuena, edo garrantzitsuenetako bat?

Marco Polo Veneziarra erdi aroko bidaiarien artean erreferente maximoa dugu gure historian, baina Benjamin Tuterakoa nafarra gutxi ezagutzen dugu eta Ibn-Battuta Maghrebiarra bat ere ez. Gure historian eta honen didaktika eta difusioan lan egiten dugunok, kritikoak izan behar gara jaso ditugun marko mental hauekin, haien zergatia ikertuz, zalantzan jarriz eta, beharrezkoa den kasu horietan, markoa aldatuz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!