Sare sozialetan lehenbizi eta SEI Elkartearen webgunean gero ohar bat agertu zen: boluntario bila gabiltza. Elkarteak gurera etortzen diren gazteekin egiten du lan haien harrera hobea izan dadin. Bada, horretarako boluntarioak behar dituzte: "Gure bizitzeko modua ezagutu dezaten eta arauak zeintzuk diren jakinarazteko aritzen gara haiekin", azaldu du Maite Ziganda SEI Elkarteko kideak. Garrantzitsua iruditzen zaie 12 eta 17 urte arteko nerabeekin aritzea: "Euren aldaketa garaia da adin tarte hori eta gurera etortzea ere sekulakoa da bere bizipenetan. Egokitzapenean laguntza emateko ari gara elkartean boluntario bila", gaineratu du. Zerbitzu espezializatua eskaintzen dute profesionalen bitartez. Migrazio-dolu eta familia berrelkartze prozesuetan aritzen dira. Batzen gaituenaren bila izeneko egitasmoaren bidez nerabeekin egiten dituzten hartu-emanak: "Bi arlotan aritzen gara: alde batetik, ikas prozesuetan bidelagun eta bestetik aisialdi jardueretan", esan du Zigandak. Lehen arloa lagungarri zaie ikastetxeetan egiten direnak ulertzeko, eta bigarrengoa hiria bera ezagutzeko, adibidez.
Urriaren 6tik maiatzaren 29ra arteko eperako ari dira boluntario bila SEI Elkartean. Euren webgunearen bitartez, 948 239 739 eta 697129700 telefonoen bidez edo Elkartearen egoitzara (Zipriano Olaso kalea 4, Iruñea) hurbilduz eman daiteke izena.
