Hitzaldiak, proiekzioak, ibilaldiak... Literatura liburuetatik atera eta bortuetara eramango dute asteburu honetan Nafar Ateneoak eta Armiarma.eus-ek antolatu duten Euskal Herriko Irakurle Taldeen Topaketan. Euskarabidearen babesarekin antolatu dute ekimena, eta egitarau zabala dakar. Helburua, Ines Castiella Nafar Ateneoko kideak nabarmendu bezala, "bortuez gaindiko bi lurraldeetako idazle, irakurle eta literatur-zaleak elkartzea" izanen da, Pirinioetako nafar mendialdeak literaturan izan duen lekua nabarmenduz.
Larunbatean, Katixa Dolhare, Bea Salaberri, Oihane Zuberoa eta Josune Aznarez literatura eta bortuaren arteko loturaren inguruan mintzatzen arituko dira. Horren ondotik, Itxaro Bordaren pertsonaia literario ospetsuena, Amaia Ezpeldoi, izanen du hizpide Gorka Arrese editoreak. Itziar Madinak, bere aldetik, Eñaut Etxamendiren obrari errepasoa emanen dio. Arratsaldean, Josu Jimenez Maiak Orbaizetako Olaren inguruko ibilbide literarioa gidatuko du, Hemingwayren figuraren inguruan mintzatuz. Eta lehenengo egunari bukaera emateko, Oskar Alegria zinemagileak artzainei egindako elkarrizketak proiektatuko ditu, inguruetako artzain etxola batean. Igandean, Eneko Barberena idazleak bere azken liburuan agertzen diren parajeen inguruko ibilaldia gidatuko du, Iratin barrena. Egitarauari bukaera emateko, Itxaro Bordak eta Ibon RG-k emanaldi poetiko musikala emanen dute.
Patxi Gaztelumendi Armiarma.eus sareko arduradunak adierazi bezala, "bortuek, Pirinioek, landa-eremuak, oso leku garrantzitsua izan dute gure literaturan". Hala, topaketak literatura bere ingurunean bizitzeko aukera emanen duela gehitu dute antolatzaileek. Izen-ematea oraindik irekita dago armiarma.eus webgunean.