Sarai Robles eta Emma Arrizabalaga (Taupa): "Zaletasunei lotutako Mintzapraktika talde berriak sortuko ditugu aurten"

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 15a

Irailaren 22an irekiko da Mintzapraktika taldeetan izena emateko epea. Aurten, zaletasunekin lotutako talde berriak sortuko dira, tartean txirrindularitza taldea. Egitasmo bereziak ere antolatuko dira mintzalagunen bueltan: Laban mahai-joko egunak egonen dira eta Durangoko Azokan Euskal Herri osoko mintzalagunen elkarretaratzea eginen da.

Bada urtebete Mintzapraktika egitasmoa proposamen berri batekin etorri zela. Eta euskaraz egiten badugu? lelopean, hizkuntzaren praktika eta zaletasunak uztartzeko gonbitea luzatu zen, bata edo bestea aukeratu gabe, parte-hartzaileen gustuko jarduerak euskara praktikatzeko aukeretan bilakatuz. Irailaren 22an, astelehenarekin irekiko da Taupak antolatzen duen egitasmoan izena emateko epea. Mugimendu euskaltzaleko kide Emma Arrizabalagak eta Sarai Roblesek nabarmendu bezala, dagoeneko dauden taldeek aurrera jarraituko dute eta zaletasunei lotutako talde berriak ere sortuko dira, besteak beste mendizaletasuna, joskintza edo txirrindularitza taldeak:   

Ezagutzen ez duenarentzat, Mintzapraktikaren funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu  nahi duen lagun talde bat astean ordubetez euskaraz aritzeko elkartzen da. "Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da baina, geroz eta gehiago, parte-hartzaileen nahi eta beharretara moldatzen diren taldeak sortzen ari dira", egitasmoaren malgutasunaren erakusle.

Bada Mintzapraktika kafetegi batean, kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi duenik, baina azken urteetan zehar batez ere, Mintzapraktika beste zaletasun batzuekin uztartu da. Horren erakusgarri dira azken ikasturtean martxan jarri diren talde berriak, hala nola, irakurle edota antzerkia euskaraz ikusteko taldeak eta baita herriek elkarren ereduak jarraituz martxan jarri dituztenak ere. Mintzapraktikak eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira, euskaraz bizi nahi duen pertsona orori horretarako tartea eta aukera eskainiz, bere beharrizan, egoera eta interesetara egokituz.

Mintzapraktika, euskararen aldeko aktibismoa

2024ko abenduan Taupa euskaltzaleen mugimendua jaio zen, Euskal Herriko euskaltzaleak antolatzeko eta euskararen aldeko ekarpena egiteko aukera eta modu berriak eskaintzeko grinarekin. Horietako bat da, hain zuzen, Mintzapraktika. Izan ere, egitasmo honetan dabiltzan milaka lagunek ekarpen oso garrantzitsua egiten diote euskararen biziberritze prozesuari. Benetako aktibista linguistikoak dira eta musutruk, modu boluntarioan eta bere onena emanaz egiten duten ekarpen hau, behar-beharrezkoa dugu erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Euskararen alde modu askotan aktibatu gaitezke: lehen hitza euskaraz esanaz, euskara elkarteetan parte hartuz, manifestazioetara bertaratuz eta nola ez, Mintzapraktikan izena emanez. Beraz, proposamen honek zerbait mugitzen dion pertsona orok, gaurtik aurrera izena eman dezake www.taupamugimendua.eus/mintzapraktika webgunean edota bere herriko euskara elkartean edo euskaltegian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!