Mitxel Malumbres (suhiltzailea): “Suak gutxitan sortzen dira modu naturalean, normalean utzikeriagatik gertatzen dira”

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 8a

Mitxel Malumbres, Nafarroako suhiltzaileen ofizialordea, larunbatean piztu zen Urraul Goitiko sutean lanean egon da. Arrisku handiko suteak dira zonalde hauetakoak, erregai eta jarraitutasun gehiago dagoelako

Maiatza eta ekaineko euriek lagundu zuten hezetasuna mantentzera baina, hala ere, abuztuan muturreko sute-arriskua ezarri zen Nafarroa osoan. Hilabete honetan, Eneritz eta Zarrakaztelu herriak izan ziren gehien sufritu zutenak. Azkenekoa larunbatean Urraul Garaian, Santa Fe inguruan, izan da. Arrisku handiko sute honen eraginez 60 hektarea kiskali dira. Atzo goizean kontrolatzea lortu zuten arren, 15 suhiltzaile bertan egon dira gau osoan zehar sua berpiztea ekiditeko. Haien artean Mitxel Malumbres, Nafarroako suhiltzaileen ofizialordea egon da eta, hortik, zuzenean gure estudiora hurbildu da. "Momentuz kontrolpean dago eta espero dugu azken fase hau gehiegi ez luzatzea. Iparreko haizeak laguntzen digu eta hezetasuna handitu da."

Espainiako erkidego ezberdinetan egoera ere larria izan da. Galizian, Gaztela eta Leonen eta Extremaduran milaka hektarea erre dira, eta errekor historikoak hautsi dira. Mitxel Leonen egon da, suhiltzaile boluntario talde batekin batera eta bertako egoeraz mintzatu zaigu. "Leonen denbora luzez ez du euririk egin eta suak indarra hartzen zuen goizeko lehenengo ordutik."

Nafarroari dagokionez, hegoaldean izaten dira sute gehienak baina klima aldaketa dela eta, begetazioa aldatuz doa, beraz gero eta ohikoagoak izango dira iparralderago dauden zonaldeetan. Hauek arriskutsuagoak dira erregai eta jarraitutasun gehiago dagoelako. "Urraul eta Nabaskoitze bezalako zonaldeetan suteak pizten ari dira. Hemendik urte batzuetara ohikoagoak izango dira eta bertan sute handiak sortzeko arriskua dago"

Baso eta landa zonaldeen kudeaketarekin batera prebentzio lan handia egiten da, su-kontrolatuak eta garbiketa selektiboak eginez. Udako suhiltzaileekin lantaldea indartzen dute baina beharrezkoa ikusten dute urtean zehar mantentzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!