Ongi etorria adierazten duen kartela paratu dute sarreran, eta hortik aurrera, askotariko koloreak, loreak, bihotzak, sustraiak eta letrak dira nagusi. Bederatzi emakume bizi dira duela urtebete Berriozarko Udalak utzitako eta SOS Arrazakeriak kudeatzen duen etxebizitza batean. Denak dira atzerritik etorriak eta denak ari dira etxeko lanetan: izan adineko pertsonak zaintzen edo garbiketetan. Eurek izandako bizipenen erakusleiho da Arima, bihotza eta bizitzak izeneko erakusketa. Luisa Aldaburu artistaren gidaritza izan dute bederatzi emakumeek lan honetan.
Artearen bidez erakutsi nahi izan dute gurera etorrita nola sentitu diren. Zailtasunak zailtasun, berotasuna, jendearen harrera eta ilusioa gailentzen zaizkiela nabarmendu dute. Arima, bihotza eta Bizitzak. Obra bat, historia bat: emakumeak mihisean eta buztinean, izeneko erakusketa gaurtik irailaren 19ra arte bisita daiteke Berriozarko Kulturgunean 18:00etatik 20:30etara..