Irantzu Osinaga (Atakondoa eskola): "Heldu den ikasturtean 33 ikasle pilatuko dituzte gela bakarrean"

Maialen Huarte Arano 2025ko eka. 19a, 09:29

Eskualde ikastetxea da Irurtzungo Atakondoa. Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHko 2. maila arteko etapa eskaintzen du D eta A ereduetan. Atzo eman zioten amaiera ikasturteari sentsazio gazi-gozoarekin: "Heldu den urtean DBH 2. mailako ikasleak 33 izanen dira eta gela bakarrean pilatuko dituztela jakinarazi digute Hezkuntza Departamentutik", salatu du Irantzu Osinaga ikastetxeko ametako batek. Kezkatuta daude "masifikatuta" egonen direlako, kalitatea ez delako ziurtatuko eta "bidezkoa" ez delako. 

Ikasturte amaiera ez dute behar bezalako poztasunarekin amaitu Irurtzungo Atakondoa ikastetxean: heldu den ikasturtean DBH 2. mailako ikasleak pilatu eginen dituztela jakin dute. "Hezkuntza Departamentuak jakinarazi digu duela egun gutxi 2025-2026 ikasturtean 13 urteko nerabeak elkartu eta 33 ikasle egon daitezkeela gela berean", azaldu du Irantzu Osinaga ikastetxeko amak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasle ratioa 30ekoa da, baina ez dira kontuan hartzen maila errepikatzen duten ikasleak, eta hartara 33 izatera iritsi daitezke horiek aintzat hartuta. "Legezkoa izanen da, baina bidezkotik gutxi du", salatu du. Ikasturteko amaiera festa baliatu dute lau haizetara zabaltzeko bizitzen ari diren egoera "bidegabea": "Hezkuntza komunitatearen babesa dugu eta Udalarekin ere harremanetan jarri gara. Hezkuntza Departamentuan istantziak sartuko ditugu sindikatuen babesarekin", azaldu du. 

Arazoa ez dator "bakarrik" ikasle kopuru andanarekin: "Fisikoki ere gela bakarrean ez dira sartzen. Armairuak kentzeko galdegin ziguten espazio gehiago izateko eta hala ere ez dira kabitzen", kontatu du. Irakaslea ia lekurik gabe geratuko da ikasleengana hurbildu ahal izateko eta eurek ere ez dute izanen euren materiala gordetzeko tokirik: "Ia pasabiderik gabe geratzen dira eta pilaketa nabarmena izanen da", ohartarazi du. Hezkuntza Departamentuari eskatuko diote aintzat har ditzala ikasle horiek dituzten beharrak (tartean behar bereziak dituen nerabe bat dago) eta banatu ditzala bi taldetan. 

Irantzu Osinagarekin egindako elkarrizketa goikaldean dagoen argazkian klik eginda entzun daiteke. Argazkiak: Itziar Matxain

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!