Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko Zaporeak elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Gobernuarekin, datozen hilabeteetan Greziako Lesbos uhartera elikagai-edukiontzi bat bidaltzea finantzatzeko. Edurne Arrizibita Zaporeaken Nafarroako boluntario taldeko kideak nabarmendu bezala, laguntza ezinbestekoa suertatzen da Euskal Herrian biltzen diren elikagaiak Lesbos uhartera helarazteko: “Biltzen den guztia edukiontzi handi batean sartzen da eta hori bidaltzeak izugarrizko gastua dakar. Honi esker, egin ahal izango dugu”.
Unean-uneko bidalketa ahalbidetzaz gain, hitzarmen honek erakunde publikoekin sortu daitezkeen bestelako elkarlanei bidea ireki diezaiekeela nabarmendu du. "Migrazioek sortzen dituzten errealitate latzak konpontzea denon esku dago eta denon ardura da, eta erakunde publikoek erantzukizun bat badaukate hor". 2016an abiatu zen Zaporeak ekimena, "lau pertsonen artean", eta hasieratik babes zabala lortu zuen herritarren artean. "Oso gauza sinplea baina beharrezkoa egiten du Zaporeakek. Kanpamentu batean harrapatuta dauden milaka pertsonei eguneko otordu bat eskaintzea".
Gaur egun Lesboseko kanpamenduan dauden pertsona guztiei eguneko otordu hori bermatzea lortu da, 1.200 bat denetara, baina garai latzagoak egon direla gogoratu du Arrizibitak, ez aurrera ez atzera, ezleku batean preso zeuden pertsona guztiak elikatzeko gaitasunik ez zegoenean. "Oso gogorra da janaria eskatzen dizun pertsona bati ezezkoa eman behar izatea, denontzako ez zelako iristen". Egoerak hobera egin duen arren, errealitateak latza izaten jarraitzen du. "Pertsona hauen bizitzarekin zer gertatuko den gure esku dago, ez beraienean, eta hori ez da bidezkoa. Askok ez dakite zenbat denbora eman behar duten bertan, ezin atera, ezin aurrera jarraitu".
Zaporeakek Gipuzkoan eman zituen lehenengo urratsak eta laster sortu ziren lehenengo boluntario taldeak Nafarroan. Iruñerrian, Arrizibitak azpimarratu bezala, talde indartsua dago lanean. Ekimenarekin bat egiteko, bazkidetzeko edo bestelako laguntza eskaintzeko, Zaporeaken webgunea da biderik errazena.