1968tik urtero ospatzen da Artzai Eguna Uharte Arakilen. Aralar Mendi elkarteak antolatua. 57 edizioa izango da aurtengoa. Igandean ardi latxari eta lehen sektoreari egindako omenaldiak eta festak herriko kaleak hartuko ditu.
Egunean zehar gazta, artzain txakur, ardi-mozketa eta latxa ardi lehiaketak egingo dira. Honekin batera, egun horretatik kanpo ikusten zailak diren ardiekin erlazionatutako ohiturazko jarduera eta erakustaldiak ere eskeiniko dira. Besteak beste, artisau-gazta egitearen prozesu osoa, kaikuak egitea edota larru eta artilea lantzea. Urtero bezala, artisau-produktuen azoka ere egonen da. Bertan gazta, eztia, ogia eta lurreko beste produktu batzuk probatzeko eta eskuratzeko aukera egongo da.
Egun horretan tradizioak eta berrikuntzak bat egiten dute, eta lehen sektoreak ekonomian eta landa-garapenean duen garrantzia aldarrikatzen da. Aurtengo edizioan gainera Jose Mari Ustarroz, Artzai Egunaren bultzatzaile eta Idiazabal Gaztaren Jatorri deituraren presidente ohia, omenduko dute eta hemendik aurrera gazta lehiaketak bere izena izango du. Berezia oso izango da aurtengoa, izan ere, Fermin Leizaola etnografoari eta Antonio Alustiza artzaiari ere omenaldia egingo diete.
Gaizka Uharte, batzordeko kidea, eta Miren Uharte, Sustrai Gaztategiko artzai eta gaztagilea, gure estudiora hurbildu eta Guardasola saioan izan dira.