Elisa Huarte: "Palestinaren aldeko ibilaldiaren helburu nagusia genozidioaren kolaboratzaileak salatzea izango da"

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 21a

'Ibaitik itsasora' lemapean, 11 etapaz Nafarroa zeharkatuko du Palestinaren aldeko hainbat herri ekimenek antolatutako ibilaldiak

Ebro ibaitik hasi eta Hendaiaraino, 11 etapaz Nafarroa zeharkatuko du Palestinaren aldeko ibilaldiak, irailaren 10etik 20ra bitartean. Helburua bikoitza izanen da, Elisa Huarte ekimeneko kideak argitu moduan: "Alde batetik, palestinar herriari beste behin elkartasuna adierazi eta helaraztea; eta bestetik, okupazioaren eta genozidioaren kolaboratzaile diren Euskal Herriko enpresak salatzea, sostengu hori ahalbidetzen duen akordio komertzialik gabe eta Ameriketa Estatu Batuak ematen dion finantzaketa eta armarik gabe Israelgo Estatua ez liratekeelako existituko". 

Nafarroako eremu administratibo desberdinak zeharkatuko dituen ibilaldiaren etapa bakoitzean enpresa edo marka desberdinak ezagutaraziko dira, baina ez hori bakarrik. Izan ere, geldialdi bakoitzean tokian-tokiko elkarte eta eragileek parte hartuko dute: "Denetarik egonen da, hitzaldiak, proiekzioak, kontzertu txikiak, emanaldi bereziak... Polita izango da". 

Ibilbidearen bosgarren etaparen eskutik ibilaldia Iruñera iritsiko da. "Egun horretan, igandearekin, manifestazio erraldoi bat egingo da Iruñean, eta ondoren bazkaria eta egitaraua egonen da Antsoainen". Txartelak dagoeneko salgai daude eta ekimenarekin harremanetan jarrita eskuratu daitezke. 

Bestalde, ibilaldian parte hartzeko zein ekimena babesteko petoak salgai jarri dira dagoeneko, Huartek argitu moduan. Hauek eskuratzeko modua zein ibilbidearen nondik-norakoak zehazki azaltzeko, heldu den astean asanblada ireki bat eginen da Plazaran. Asteazkenean izanen da batzarra, asteazkenean, arratsaldeko 18:00etan.

'IBAITIK ITSASORA' IBILBIDEA
1. etapa. Asteazkena 9/10-Tutera-Castejón. Ebro ibaiaren irteera Tuteran. Salaketa Trenasa Castejonen. 16 km, 4 ordu
2. etapa. Osteguna 9/11-Castejón-Azkoien. 22 km, 5 ordu
3. etapa. Ostirala 9/12-Azkoien-Tafalla. 26 km, 6 ordu
4. etapa. Larunbata 9/13-Tafalla-Soltxaga (Baldorba), 14 km, 4 ordu
5. etapa. Igandea 9/14-M. Torres (Elorz)-Noain-Iruñea-Antsoain. 20 km, 4 ordu. Manifestazio handia Iruñeko kaleetan zehar. Bazkaria eta egitaraua Antsoainen
6. etapa. Astelehena 9/15-Antsoain-Larraintzar. 19 km, 5 ordu
7. etapa. Asteartea 9/16-Larraintzar-Doneztebe. 26,9 km, 6 ordu
8. etapa. Asteazkena, irailak 17, Doneztebe-Elizondo. 14 km, 3 ordu
9. etapa, Osteguna 9/18-Elizondo-Bera, konfirmatu eza
10. etapa. Ostirala 9/19-Bera-Irun. 20 km, 4 ordu
11. etapa. Larunbata 9/20-Irun-Hendaia. 5 km, 2 ordu. Itsasora iristeko azken manifestazioa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!