Asier Gogortza (argazkilaria): “Prozesua erdian jarri eta bertakoekin hutsetik proiektu bat sortzea”

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 20a

Asier Gogortza, argazkilaria eta artista, Gardeko herriarekin batera intxaurrondoen inguruko proiektu bat garatzen ari da. Landarte programaren barne dago, kultura-sorkuntza garaikidea landa eremura hurbiltzea helburu duen ekimena

Landartek aurten sorkuntza artistiko garaikideko bost prozesu proposatzen ditu, Nafarroako landa-inguruneko herrietan. Horietako bat Asier Gogortza eta Garde herriaren arteko tandema da. Berako argazkilaria eta artista Pirinioetan kokatzen den herrira maiz hurbildu da azkeneko hilabeteetan. Izan ere, ekainean hasi zen ingurua ezagutzen, udan zehar bertakoekin batera proiektuak definitzen ari da eta urrira bitartean lantzen jarraituko dute. Asierren hitzetan, "Harrera oso ona egin didate. Eskutik hartu naute, inguruak erakutsi eta istorioak kontatu dizkidate".

Erabaki berri dute proiektua intxaurrondoen inguruan eginen dutela. Baina, oraindik, ez dute zehaztu ze formatu edo bide hartuko duten. Bertakoek oso ongi ezagutzen duten eta hurbil sentitzen duten gaia da. "Gardeko paisaiak bereizitasun bat badu intxaurrondoak dira. Euskal Herri gehienean intxaurrondoak desagertzen ari diren bitartean, Garden berriz indarrean daude. Tartean monumentu natural bezala izendatua dagoen intxaurrondo erraldoi bat dago."

Programaren helburu nagusietako bat komunitatearen sormena martxan jarriko duten egoerak proposatzea da, betiere, beraien zerbitzura ezarriz eta leku bakoitzean dagoeneko diren dinamika kolektiboak elikatuz. Bide honetan, Asierrek herriarekin batera hiru tailer garatuko ditu. Lehena irailaren 7an izango da, Jacoba Recondorekin batera egindo duten paseo gidatua. Urrian Ines Muñoz ilustratzailearekin intxaurren azalean dagoen nogalinarekin tinta batzuk egin eta ilustrazioa tailerra garatuko dute. Hirugarrena eta azkena Asierren eskutik izango da landutakoaren inguruan hausnartzeko.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!