Euren herrialdeetatik alde egin behar izan dutenen eta euren herrialdera deportatu dituztenen istorioak gurutzatzen dira Isa Egigurenek ezagutu berri duen La 72 aterpetxean. Mexikoko hego-ekialdean, Guatemalako mugatik ordubetera dago frantziskotarrek kudeatzen duten zentroa. Bere izenak inguru horretan 72 migratzaile erahil zituzteneko istorio latza dakar gogora baina, Egigurenek azpimarratu bezala, poztasunerako eta dignitaterako gunea ere bada aldi berean.
Donald Trumpek Ameriketa Estatu Batuetako presidentetza berreskuratu zuenetik egoerak okerrera egin duela nabarmendu du kazetari txantrearrak. "Mugak oso militarizatuak daude eta jendeak beldur handia dauka. Migratzailearen profila duela 20 urtekora itzuli da, hau da, migratzaile ia denak gizonak dira, euren familiak, emazte eta seme-alabak, herrian uzten dituztenak". Horrelako guneak kudeatzen dituzten GKE-ek, bestalde, diru-laguntza gutxiago jasotzen dituzte eta alde egiten ari dira.
Joan nahi dutenekin batera, Ameriketa Estatu Batuetatik deportatuak izan direnen kasuak aurkitu ditu Egigurenek aterpetxe mexikarrean. Euren jatorrizko herrialdeetara bota dituztenak dira. "Horietako askok euren bizitzak dagoeneko antolatuta zituzten, euren familietatik banadu dituzte eta deportatu. Batzuk AEB-tara berriro sartzen saiatu nahi dute, migratzaile ilegal gisa, baina hori oso zaila da. Beste batzuk, deportatu dituzten familia osoak adibidez, akaso ez dute jada AEB-tara itzuli nahi".
Istorioak ezagutzea eta hauek "aurpegia jartzea" oinarrizkoa iruditzen zaio, migrazioaren inguruan dauden topiko asko hausten laguntzen duelako. "Begirada aldatzen dizu". Sorterria uztera bultzatzen duten arrazoi askotarikoak egon daitezkeelako, tartean. "Guatemalatik bere sexu-orientazioagatik ihes egin duen gazte baten kasua datorkit burura. Berak ez zuen AEB-tara iritsi nahi, Mexikora baizik, eta aske bizi ahal izatea zen bere asmoa. Homosexual bezala pasarte oso gogorrak bizi zituen Guatemalan, tartean 'pandilla' batek auto batetik pistolarekin mehatxatu zuela kontatu zidan, soilik bere bikotearekin eskutik helduta joateagatik".