Gaur berriz ere elkarretaratzea deitu duzue. Borrokan segitzen duzue?
Bai. Sanferminen ostean pentsatu genuen beste formatu bateko protestak egiten segitzea. Gure borroka ikusarazten aritu gara oraindik ez baitugu soluziorik.
Egoeraren irtenbidea zenbat eta gehiago atzeratu orduan eta okerrago. Orain da unea konponketarako?
Beti lehenbailehen. Enpresaren aldetik ez dugu biderik ikusten, ez dugu erraza ikusten irailaren aurretik lortuko dugunik.
Iraila aipatzen ari zarete mobilizazioak berriz ere abiatzeko hilabete?
Ez diegu erabiltzaileei kalte egin nahi. Egia da, baina, egunerokotasunean hartzen duela indar gehien gure lanuzteek, beraz, iraila dugu ikusmiran.
Zer gertatu beharko litzateke irailean lanuzterik ez izateko?
Enpresaren aldetik benetako borondatea adieraztea. Guk argi utzi ditugu zeintzuk diren exijitzen ditugun gutxienekoak. Azken bilera Iruñerriko Mankomunitateak eraginda izan zen TCC Moventis enpresarekin. Gu beti gaude prest mahai baten inguruan esertzeko.
Iruñerriko Mankomunitateak ere badu bere ardura.
Ez da egiten ari ahal duen guztia, iruditzen zaigu. Ez dakigu enpresarekin hartu emanen bat izanen duen edo ez. Denon zerbitzua da, denon ardura da.
Bartzelonara ere jotzeko prest agertu zarete?
Bai, enpresak han du egoitza nagusia. Espainian era berean jokatzen ari da: autobusen mantentze-lanarekin ahaztuta dago eta langileen baldintzekin ere.
Zeintzuk dira eskatzen ari zareten gutxienekoak?
Lan hitzarmenean sartuak ez dauden zenbait afera: atsedenak izatea eta baita komunak ere, mediku-bajan dauden langileek %100 kobratzea, KPIaren araberako igoera eta jardunaldiaren jaitsierak.
Batuta segitzen duzue sindikatuek. Zein lan egiten ari zarete orain?
Lan batzordea astero biltzen ari da eta mahai gainean jartzen zein den egoera eta zer egin daitekeen egoera ikusarazteko. Irailari begira jarriak gaude mobilizazio berriak prestatzen.
Ialrgi Angulori egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.