Atzeratuta gelditu dira Glovon izatekoak ziren hauteskunde sindikalak

Maialen Huarte Arano 2025eko abuztuaren 11

Glovorentzat lanean ari direnek protesta egin zuten ostiralean.

Ostiralean ziren egitekoak Glovo etxez etxeko banaketa enpresaren hauteskunde sindikalak. Hauteskunde ontzietara jo beharrean, protesta egin dute langileek, atzeratu eginen baita prozesua. Arbitraje-laudo batek aintzat hartu du beste sindikatu batek (UGTk) aurkeztutako aurkaratzea. Desadostasuna, Glovorentzat lan egiten duten lagileen kopuruan dago, erroldan. Hartara, diote erreklamazio horretan, hamahiru ordezkari hautatu ordez, bederatzi aukeratu beharko lituzketela gehienez. Hartara prozesua aldi baterako etenda gelditu da hautesleen kopuruari buruzko desadostasun batek eraginda.

Desadostasun judizial batek atzeratu ditu Glovo etxez etxeko banaketa enpresako hauteskunde sindikalak. Hala jakinarazi dute banaketa lanetan Glovorentzat aritzen diren langileek Iruñean egindako elkarretaratze batean. Ostiralean ziren hauteskunde mahaira joatekoak botoa ematera. Horren ordez, protesta egin behar izan dute, azken orduko inpugnazio bat tarteko: "Hauteskunde sindikalak geldiarazi dituzte, atzeratu", salatu du Pablo Diaz CCOO sindikatuarekin zerrendaburu den langileak. Arazo nagusia, Glovorentzat lan egiten duten langileen erroldaren interpretazioan dago sindikatuen eta kontrol organoaren artean desadostasunak baitaude. "UGT sindikatua enpresaren alde jarri da eta langileak albo batean utzi ditu, gure eskubideen defentsa egin ordez, Glovo beraren aldeko jarrera hartu du", kritikatu du.

Langileak ez daude "men" egiteko prest ez eta euren eskubideen aldeko lana eteteko prest ere. Oztopo guztiak gainditu eta euren lanpostuen eta bizitza duina izateko eskubidea defendatzen segitzeko asmoa dutela argi utzi dute: "Ez dugu atzera eguiteko asmorik. Antolatuta gaude. Horrelako oztopoek are indar handiagoa ematen digute. Hemendik 20 egunera berriz ere itzuliko gara eta hauteskunde sindikalak eginen ditugu", jakinarazi du. Comisiones Obreras sindikatuaren babesa dutela ere adierazi dute langileek. Sistemaren bidegabekeriak salatzen segituko dute elkarrekin eta euren ahotsaren bozeramale izanen direla nabarmendu dute.

Hamahiru ordezkari hautatzeko prozesua amaitutzat jo beharko lukete ostiralean. Ospakizunetan ariko lirateke orain "mugarri" baita Glovo bezalako banaketa enpresa batean langileen ordezkariak izatea. "UGT sindikatuarengatik izan ez balitz, berak aurkeztutako inpugnazioarengatik, orain 13 ordezkari izanen genituzke.  9 aukeratzera pasa beharko dugu datozen egunetan. Prozesua hutsetik abiarazi behar dugu berriz", kexatu da. Argi dute, hilabete baten bueltan, irailaren lehen astetarako lortuko dutela ordezkaritza sindikala erdiestea. Hori izanen da langileentzat bide emanen diena lan baldintza duinagoak izateko: "Lan batzorde bat izatea enpresari aurre egiteko tresna izatea da eta finean, langileen egunerokotasuna hobetuko duen taldea eratzea", esan dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!