SOLASALDIA

“Mesfidati gara Sekretu Ofizialen lege berriaren proposamenarekin”

Euskalerria Irratia 2025eko uztailaren 29a

Joan den astean Ministroen Kontseiluak Informazio Klasifikatuaren legea onartu zuen, frankismo garaiko Sekretu Ofizialena ordezkatuko duena. Proposamen berriaren inguruan hitz egin dugu Naparra, Mikel Zabalza eta German Rodrigezen lagun eta senideekin.

Uztailaren 22an iritsi zen albistea: Frankismo garaiko Sekretu Ofizialen Legea ordezkatuko duen beste bat osatuko du Espainiako Gobernuak, eta hartara, zenbait informazio klasifikatu argitara ateratzen ahalko direla. Albiste positiboa dela iruditzen zaie memoria historikoan lanean ari direnen artean, edo senitartekoren baten heriotza argitu lezakeen dokumenturen bati sarbidea izanen luketenen artean. Baina mesfidati dira, anbiguoa baita zenbait aspektutan aurkeztutakoa eta zirrikituak dituelako desklasifikazioa denbora luzez atzeratzeko.

Eneko Etxeberria, Naparraren anaia da. Lohizune Amatria, Mikel Zabalzaren iloba. Eta Sabino Cuadra Sanferminak 78 gogoan ekimeneko kidea eta German Rodrigezen laguna. Euskalerria Irratiko Guardasola saioan haiekin mintzatu gara lege proposamen berriaz. Tentuz hartu dute albistea. Ez delako lehenengo aldia horrelako lege proposamen bat ezerezean geratzen dela. Horri gaineratu behar zaio egoera politikoa ezegonkorra dela eta dokumentuak desklasifikatzeko epea luzeegia dela, 45 eta 60 urte artekoa.

Estatu krimenak oraindik ere ezkutatu nahi direla pentsatzen dute eta alderdi sozialista gobernuan egon zeneko estatu krimenak argitzeko borondatea zalantzan jarri dute.

Ministroen Kontseiluan onartu eta gero, lege proposamen berriak oraindik ere bidea egin behar du. Irailetik aurrera izango da, ikasturte politiko berria hasten denean.

Guardasola saioan izan dugun solasaldia entzuteko aukera duzu hemen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!