Ez dago bere lekuan Elhadji Ndiaye gaztea gogoratzen zuen plaka. Arrotxapea auzoko Marcelo Zelaieta etorbidean gogoan zuten jatorri senegaldarreko gazte iruindarra. 2016an Espainiako Poliziak auzo horretan atxilo hartu eta ordu gutxian polizia etxean zendu zen. Hura gogoratzeko plaka urtebetera jarri zuten SOS Arrazakeriak eta auzoko zenbait kolektibok. Arrotxapea auzoan gune autogestionatuak haren izena du ordutik ere. Sare sozialen bidez egin dute salaketa: "Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena. Bien bitartean gainera kontrol eta eraso arrazistek, hitzordu tranpek eta eskubideen etengabeko urraketek bere hartan jarraitzen dute. Ez da kasualitatea. Faxismoak, gorroto arrazistaren bandera erabiliz, gure auzo eta herrietan bere burua ezarri nahi du. Guk ez zaituztegu gure auzoetan onartuko".
2016ko urriaren 25ean, Espainiako Poliziak atxilotu ostean, komisarian hil zen Elhadji Ndiaye, Iruñeko senegaldarra. Handik urtebetera omenaldia egin zuen SOS Arrazakeria elkarteak, Poliziak Ndiaye atxilotu zuen lekuan bertan: Marcelo Zelaieta etorbidea eta Artika karrika gurutzatzen diren gunean, Arrotxapea auzoan. Plaka bat jarri zuten kale kantoi horretan: Bizitza da handiena / Beltzen bizitzek axola dute lelo bikoitzarekin.