Elhadji Ndayeren omenezko plaka jarri dute Arrotxapean

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 25a, 07:56

Orain urtebete hil zen Ndaye, poliziak atxilotu eta bihotz geldialdia izan ostean komisaldegian. Arrotxapean hartu zuten atxilo eta bertan jarri dute haren omenezko plaka, haren eta "izenik gabekoen" omenezkoa.

Izenik ez duten horiek omentzeko plaka ezarri dute Arrotxapean. Izenik ez duten horien aldeko plaka, baina hein handi batean Elhadji Ndiayerena: bertan hartu zuen atxilo poliziak, gaur urtebete, eta Iruñeko komisaldegian hil zen gero bihotz geldialdia baten ostean. Horregatik, omenaldia egin zion atzo SOS Arrazakeria Elkarteak. 

Bizitza da handiena / Beltzen bizitzek axola dute irakur daiteke Martzelo Zelaieta eta Artika kaleen artean ezarritako oroigarrian. 

"Protokoloak, bermeak eta baliabide juridikoak" eskatu zituen SOS Arrazakeriako ordezkari Beatriz Villahizan, "halako heriotzarik berriz ez gertatzeko". Omenaldia Ndiayerentzat ez ezik, haren gisara "baldintza antzekoetan hildako migratzaileena" ere izan zen.

Bertsio bateraturik ez

Epaitegiek esan dute arrazoi naturalak medio hil zela, Africa United eta SOS Arrazakeriak ordea salatzen dute "erantzun gabeko galdera gehiegi" daudela. Ahotsa.infok gertatutakoaren inguruko bideoa kaleratuko du gaur, "sekula ikusi gabeko irudiekin".

Elkarretaratzera dietu du SOS Arrazakeriak gaurko, asteazkenerako, 19:30ean izanen da, Nabarreria plazan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!