Bederatzigarren edizio honetako proiektuak oraindik garapen fasean daude, baina aurretik koordinazio taldeak lan handia egin du herrien eta sortzaileen hautaketan, bitartekaritzan eta koordinazioan. Aurtengo edizioan emandako pausuetaz eta Landarte programaren inguruan hitz egiteko Marc Badal, programaren talde koordinatzailearen parte de Kolektiko X- eko kidea, gure estudiora hurbildu da.
Programa honen bidez, Nafarroan egoitza duten bost egileek sorkuntza garaikideko prozesu parte-hartzaileak eginen dituzte, bakoitzari esleitu zaion herrian eta bertakoekin elkarlanean. Sortzaileak disziplina anitzetakoak dira. Edizio honetan, zehazki, Ioana Hernández Arriaga artista Arbontzen izanen da; Marta Elía Aldave sortzailea, Bargotan; Asier Gogortza argazkilaria, Garden; Jara Calvo kazetari eta idazlea, Mélidan; eta Carmen Parrado Gil diseinatzailea, Puiun.
Programaren helburu nagusietako bat komunitatearen sormena martxan jarriko duten egoerak proposatzea da, betiere, beraien zerbitzura ezarriz eta leku bakoitzean dagoeneko diren dinamika kolektiboak elikatuz. Talde koordinatzailetik nabarmendu duten bezala landa eremuko herriak leku aproposak dira sorkuntza prozesuak aurrera eramateko eta ez soilik noizbehinka kanpotik iritsitako kultura-proposamenak jasotzen dituzten espazioak izateko.