Mikel Irujo: “BSHren jarrera ulergaitza izan da eta lantegiko industrializazio planari zailtasunak jarri dizkio”

Euskalerria Irratia 2025ko uzt. 3a, 13:39

BSH, Sunsundegi edota Nano enpresetako langileak euren lanpostua ez galtzeko borroka bizian dauden bitartean, langabeziak behera egin du, 2008tik ekaineko emaitzarik onena izan direlarik

Azkeneko asteak ez dira batere xamurrak izan Nafarroako politikagintzan, Cerdanen ustezko ustelkeria kasuak ezagutu zirenetik. Mikel Irujo, Industria kontseilariaren ustetan, egoera “ erabat nazkagarria da. Ni abertzalea naiz eta zure aberriari ezin dizkiozu horrelako gauzak egin. Nire inguru guztiak ez du ahazten zertarako gauden politikan. Gaur egun mahai gainean duguna UCOk publiko egin zuen txostena da. Eta bertan ez dira Nafarroako Gobernuarekin harremanik duen esleipenik”. Nafarroako Gobernua osasuntsua ikusten al duen galdetuta, bere erantzuna: “Ikusi beharko dugu nola kudeatzen dugun egoera, baina momentuz Nafarroako Gobernua ez da inolako momentuan espedientean agertzen. Hori bai, azken dokumenturaino dena behar bezala argitu beharko dugu”.

Lan alorrera jauzi eginez, azkeneko hilabeteetan buruhauste nagusietako bat Irujo kontseilariarentzat, BSH enpresaren egoera izan da. Lantegiko 655 langileak kaleratzeko asmoa du enpresak. Irujo kontseilaria oso kritiko izan da Alemaniako multinazionalarekin “Zurekin hamarkada asko daraman langilea kanporatua izango dela eskutitz baten bitartez jakinaraztea ez da bidezkoa. Hasieratik harreman estua izan dugu langileekin eta enpresarekin, baina denbora behar genuen alternatibak ondo aztertzeko. Enpresa batzuk interesa agertu dute baina horrelako operazioak ez dira egun batetik bestera egiten. BSH ordea, legeak ematen dituen sei hilabetera mugatu da eta berrindustrializazio plana garatzen zailtasunak jarri ditu. Ulergaitza izan da bere jarrera. Multinazional guztiak ez dira horrelakoak”.

Ehunka langile kinka larrian dauden honetan, langabeziak %2,7 egin du behera azkeneko urtean eta lan espezializatuaren eskasia dago Nafarroan. Nafarroako industria lehiakorra dela eta ongi kokatua dagoela Europan uste du Irujok eta hurrengo hilabete eta urteetako erronkez galdetuta “autogintzan hurrengo urtea garrantzitsua izango da eta dinamika onean sartuko garela ziur naiz. Osasun sektorea ere ongi doa. Baina ezin gara lokartu. Sektore berriekin lan egin behar dugu. Sendotu daukaguna eta ateak ireki behar dizkiogu eraldaketari eta enpresa berriei”.

Guardasola saioan Mikel Irujo Industria kontseilaria elkarrizketatu dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!