Zuriñe Hidalgo: “Barkamena eskatzea ez da zertan tristea izan behar"

Euskalerria Irratia 2025eko ekainaren 24a

Kala Naiz izeneko proiektu berriari ‘Barkatu’ abestiarekin ekin dio Zuriñe Hidalgok.

Lau urte musikatik aldenduta egon eta gero, Zuriñe Hidalgo bueltan da. Energia berriarekin, soinu dantzagarriarekin, 80ko hamarkadako kutsua duen doinuekin eta Kala Naiz proiektuaren izenburupean. “Askotan pasa zait burutik musikara itzultzea, baina erresistentzia batzuk nituen. Guztiz argi eduki arte itzuli behar nintzela ez nuen pausoa eman”, adierazi digu Zuriñe Hidalgok.

Kala naiz du izena proiektu berriak. Esanahiaz galdetuta, Zuriñe Hidalgok honakoa adierazi digu: “Itsasoa niretzat arnas gunea da eta Kalak asko maite ditut. Lore bat ere bada eta horrekin loratzea ere irudikatu nahi dut. Gainera, Hawain zazpi printzipio dituzte bizitzari aurre egiteko. Eta lehenengoa Kala da. Mugarik ez dagoela esan nahi du, gure buruari jartzen dizkiogunak bakarrik eta horiek gainditu behar ditugula”.

Bere proiektu berriaren lehen kantua eta bideoklipa aurkeztu du Hidalgok. Kaleratutako abesti berrian musikari eskatzen dizkio barkamenak. “Geldirik egon naizen urte hauetan zauri batzuk atera dira, musikaren zurrunbiloan sartuta zaudenean ikusten ez dituzun horietakoak. Horiek gaindituta, barkamen eskaera batekin hasi nahi nuen ibilbide berria”.

Hurrengo kantuen inguruan galdetuta, Zuriñe Hidalgok ardi gu: “Oso azkar bizi gara eta etengabe kontsumitzen ari gara. Joan den astean nobedadea zena zaharkituta geratzen zaigu egun gutxitara. Oso arriskutsua da zirkulu horretan sartzea. Horregatik, lehenengo kanta hau patxadaz hartu nahi dut. Gozatu nahi dut. Behin eta berriro entzun. Horregatik, oraindik ere ez dut abesti berri batean edo disko oso batean pentsatzen. Etorriko da, baina bere momentuan”.

Guardasola saioan Zuriñe Hidalgorekin hitz egin dugu Kala Naiz proiektuaz eta Barkatu abesti berriaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!