Osasun mentala eta idazketa uztartu ditu Hasier Larretxeak Txantreako liburutegian eman berri duen Sendatzen duten hitzak tailerrean. Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak babestu duen proiektuaren esperientzia pilotuak izan duen harrerarekin kontent agertu da idazle baztandarra, eta udazkenetik aurrera Nafarroako beste herri eta liburutegitan emanen dela iragarri du.
Saioetan, parte-hartzaileek euren "barne narratibak, isiltasunak eta doluak" jorratu dituzte idazketaren bitartez, naiz eta idaztea ez den halabeharrezkoa beti. "Tailerrera entzule bezala etorri eta prozesua isiltasunetik ere bizi duenik egon da". Den modura dela, "esperientzia eraldatzaile bat" izan dela azpimarratu du Larretxeak, osasun mentala "denok zeharkatzen gaituen zerbait" den heinean, norberak bere modura garatu duen prozesua izan dela gehituz. "Nire lana gidari izatea izan da, osasun mentalaren inguruan mintzatzen diren literatura testuak eskainiz eta musikaren bitartez momentu argitsuak ere bilatuz".
Larretxeak osasun mentalaren arloan lan egin du azkeneko urteotan, idazle jardunarekin tartekatu duena. Bere ibilbidean barneratutako guztia lanabes bilakatu du tailerretan: "Zaurgarritasunetik bilgune bat eratzea lortu dugu, goxoa, hurbila eta errespetuzkoa". Osasun mentalaz "harrotasunez" hitz egitea ere erdietsi duela azpimarratu du, izan ere, idazketa bada "barne-korapiloak, mamuak eta bestelakoak askatzeko modu bat". Udazkenean tailer gehiago iragarriko dituela aurreratu du idazleak, tartean Erriberriko eta Ribaforadako liburutegietan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!