Sergio Ayucar (BSH): "Prozesuari eustea oso gogorra izaten ari da; mediku-bajak bikoiztu egin dira"

Maialen Huarte Arano 2025ko eka. 20a, 13:26

Eskirozko BSH lantokia ixteko asmoa plazaratu zutenetik lan taldearen mediku-bajak bikoiztu baino gehiago egin direla salatu dute gaur: "Abenduan prozesua hasi zenean lan taldearen %4 zegoEn bajan, orain %13 baino gehiago dago", adierazi du Sergio Ayucar BSHko langile eta LAB sindikatuko ordezkariak. Zuzendaritzarekin lehen aldiz batzartu zen enpresa batzordea asteartean eta helarazitako txostena "iraingarria" dela kritikatu dute: "Itxiera justifikatzeko arrazoiak gizagabeak dira". 

"Jarrera ankerra, jokabide iraingarria eta kudeaketa gizagabea izaten ari da BSHko zuzendaritza langileekiko", salatu dute gaur agerraldi batean Eskirozko BSHko langileek. Ahal duten moduan ari dira egoerari aurre egiten: "Lan taldearen %13 mediku-bajarekin dago", kritikatu dute. Itxiera iragarri zutenetik bizitzen ari diren prozesua "latza" izaten ari dela jakinarazi dute. 

Ez dute onartzen asteartean zuzendaritzak Irurtzunen mahai gainean jarritako txostena. Ez dituzte onartzen itxiera arrazoitzeko erabilitako argudioak. Irentsezinak dira. Gezurretan eta faltsukerietan oinarritutakoak. Heldu den asteko bilararako kontra txostena osatzen ari da lan taldea: "Itxiera justifikatzeko erabili dituzten arrazoiak inork ez ditu sinesten. Hasieratik programatutako egoera da. Deslokalizazio adibide garbia", esan du Sergio Ayucarrek, LAB sindikatuko ordezkariak.  Zuzendaritzaren txostenak berrindustrializazioari buruz jaso duena hutsaren hurrengoa da: hiru lerro baino ez, azaldu dute. Eskirozko lantokiaren jardunak aurrera segitzeko eskatzen segitzen dute langileek inbertitzaile bat iritsi bitartean. Enpresa batzordearen eta erakundeen eskaera izaten ari da prozesu guztian. Betegarria dela iruditzen zaie. Errespetuz jokatzea litzateke 1.000 familiekiko. 

"Guztiontzako bereziak diren datak datoz orain", esan dute enpresa batzordeko kideek sanferminei erreferentzia eginez: "Egun horiek baliatuko ditugu gure ahotsa goratzen segitzeko". Jarrera aldaketa bat exijitzen ari zatzaizkio enpresari: "Estrategia argia hartua du legeak ezartzen dizkion gutxienekoak betetzeko.  Akordioa egintzat jotzea ez da errealitate bat", nabarmendu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!