Eduardo Ibero (Yala Nafarroa Palestinarekin): "Txupinazoan Udaletxeko plaza Palestinaren aldeko ikurrez beteta irudikatzen dugu"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko eka. 18a, 12:15

Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideak "hunkituta" daude iruindarrek erakutsitako babesarekin. Inoizko parte hartzerik handiena izan du txupinazo jaurtilariaren hautaketa prozesuak eta botoen ia %53 bildu ditu plataformak

Uztailaren 6an, urtero bezala, Iruñeko Udaletxeko plaza jendez beteko da. Urtero bezala, begi guztiak udaletxeko balkoi horretara begira jarriko dira. Plaza gorriz jantzi eta bustiko da. Baina aurten, zapiaren triangelu gorriari Palestinaren banderako beltza, txuria eta berdea gehituko zaizkio. Iruindarrek hala erabakita, inoizko parte hartzerik handienarekin, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak jaurtiko baitu bestei hasiera emanen dion suziria. Atzo iragarri zuen Iruñeko alkate Joseba Asironek herritarrek egindako hautua, eta ordutik "hunkituta eta urduri" daude plataformako kideak, Eduardo Iberok argitu moduan: "Udaletxeko balkoi horretan egoteko aukera izan genuen eta Txupinazo eguna irudikat ahal izan genuen. Oilo-larrua". 

2023ko abenduan sortu zen bere baitan 225 kolektibo eta 1700 pertsona baino gehiago biltzen dituen plataforma, Palestinarekiko babesa erakuste aldera, Israelek Gazaren kontrako erasoaldiaren fase krudelenari ekin ziola hilabete batzuk besterik igaro ez zirenean. Ordutik argi izan du bere eginbeharra elkarteak: Palestinaren kontrako genozidioa salatzea eta herrialdearen askapena aldarrikatzea. Txupinazoaren egunean ere Palestina izango da protagonista: "Ez dugu Yala Nafarroa Palestinarekin protagonista izatea nahi, Palestina eta Nafarroako gizartearen elkartasuna baizik". 

Herritarren babesa erabatekoa izan da txupinazoaren bozketa prozesuan: "Hori espero genuen, herritarrek aspaldi erakutsi dutelako zein den beren posizioa gertatzen ari den guzti honen aurrean. Ez genuena espero horrenbesteko parte-hartzea izatea, hunkituta gaude". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!