Ane Sagues: "Sari-banaketa amets arraro bat bezala izan zen, nahiko disoziatuta egon nintzen"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko eka. 11a, 20:06

Ane Saguesek irabazi du Nafarroako Gobernuak urtero ematen duen Talentu Artistikoaren Sustapenerako Saria. Artista nafarra Las Nenas Theatre antzerki kolektiboaren sortzaileetako bat da Cristina Tomasekin batera, zeinen eskutik Ramos y gramos edo Torcidxs obrak oholtzaratu dituzten. 

Ane Saguesek Talentu Artistikoaren Sustapenerako Saria eskuratu berri du, Nafarroako gobernuak artista gazteen ekarpena nabarmentzeko bideratzen duen saria. Etxauriko antzezleak "harrituta" bizi izan zuen sari banaketaren performance-a, bere familia, lagunak eta politikariak Nafarroako Jauregian egin zen ekitaldian bildu zituena: "Niretzat amets arraro horietako bat bezala izan zen, non nire inguruko jendea ezagutzen ez nuen jendearekin batera bilduta ikusi nuen. Txibite lehendakariarekin kafe bat hartu nuen, jauregitik bisita moduko bat egin genuen, Nafarroako historiaz hitz egiten... Lehenengoz nire bizitzan nafar patriota sentitu nintzen. Ez nuen espero horrelako ekitaldia egingo zenik. Nahiko disoziatuta ibili nintzen". 

Bere ibilbide laburrean nafar antzerkigintzan lekua egitea lortu du Saguesek, batez ere Cristina Tomasekin batera sortu duen Las Nenas Theatre kolektiboaren eskutik. Besteak beste Ramos y gramos eta Torcidxs antzezlanak oholtzaratu dituzte, bertako zein kanpoko antzokiak betez. "Gure antzerki lengoaiarekin publikoa bere pasibotasunetik eta apatiatik ateratzea bilatzen dugu, astintzea, zerbait eragitea".

Egun ere  proiektu andana ditu esku artean: ekainaren 16an Iruñean eginen diren antzerkiko Max sariak aurkeztuko ditu, udazkenean oholtzaratuko duen dantza ikuskizun bat prestatzen ari da DNA egitarauaren eskutik eta Nafarroan grabatzen aritu diren Milenial mal telesailean ere parte hartuko du. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!