Bizitza ikuspegia aldatzen dizun esperientzia bezala definitu du Uxue Serrano erizain gazteak boluntariotza. El Salvadorren zortzi hilabetez kooperazio lanetan egon ondoren, duela hiru aste itzuli eta oraindik ere bere burua kokatzeko prozesuan dagoela argitu digu, denbora kudeatzeko modua bera ere aldatu zaiolako. El Salvador Elkartasuna elkartearekin zuzenean harremanetan jarriz egin zuen bat Serranok bertako proiektuarekin, dirua bere sakeletik jarriz, baina Nafarroako Gobernuaren Gazteriaren Institutuaren bitartez kudeatzen duen Joan, parte-hartu eta kontatu iezaguzu programak boluntariotzak sustatzeko bekak eskaintzen dituela ere azpimarratu digu.
Nafarroako GKE-en Koordinakundeak Nafarroan dauden eskaintza guztiak azaltzen dituen gida berritu du, bere aldetik, prozesuan sortu daitezkeen zalantza guztiak argitze aldera. Serranoren iritziz, izan ere, oinarri batzuk argi edukitzea beharrezkoa suertatzen da boluntariotza bat egitea erabakitzerakoan: "Ikuspegi kritikoa izan behar duzu, eta pres egon behar zara zure pentsamoldea aldatzeko. Horretara irekita egotea garrantzitsua da. Nire kasuan, adibidez, ohartu nintzen nire pentsamenduetako asko zeinen arrazistak ziren".
GKE-en Koordinakundetik argitu moduan, "boluntariotza arras esperientzia aberasgarria izan daiteke, baina garrantzitsua da aurrez lantzea, informazioa eta prestakuntza jasoz. Garrantzitsua da, halaber, GKE erakundeak eta bidaia eginen duten pertsonek aurretiaz elkar ezagutzea eta prestakuntza jasotzea". Horrelako esperientzia baten helburua ez da “laguntzea”, baizik eta "Iparraldearen eta Hegoaldearen artean dauden berdintasunik gabeko harremanak ulertu eta haiei buruzko ezagutzak handitzea".
Serranok azpimarratu bezala, horrelako proiektuetan norberak irabazten duena ematen duen hori baino gehiago da. "Nik uste nuen laguntzera joaten nintzela, baina han egon eta gero ohartu naiz nik ere asko irabazi dudala esperientziarekin". Bere kasuan, tokiko emakumeei euren enpresa propioak abiatzen laguntzen aritu da, baita etxez-etxeko osasun zerbitzuak eskaintzen ere. "Oso beharrezkoa da eremu horretan, non 12 urteko gerra zibil baten ondorioak pairatu dituzten. 92an sinatu zuten bake akordioa, 30 urte besterik ez dira igaro, eta oraindik oso nabarmena da".
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!