Oskar Zapata (Taupa): “Euskararen erabilerak gora egin du eta beraz Euskaraldia eraginkorra izan da”

Euskalerria Irratia 2025ko mai. 27a, 15:06

16.000 nafarrek bat egin dute 2025eko Euskaraldiarekin. Taupa Euskaltzaleen Mugimendua pozik agertu da euskarak egun hauetan izan duen bultzadarekin

“Pozik gaude. Aurtengo Euskaraldiaren helburuetako bat mugimendua eragitea izan da. Eta lortu dugu. Inoiz baino batzorde gehiago sortu dira herri eta auzoetan eta orokorrean giro alaiagoa sumatu dugu edizio honetan”. Oskar Zapata, Nafarroako Taupa elkarteko koordinatzailearen hitzak dira, Euskaraldiaren laugarren edizioa bukatu eta biharamunean.

Oraindik ere balorazio osatu bat egiteko goiz bada ere, bibrazio onak jaso dituzte azkeneko hamaika egun hauetan Taupako kideek. Euskal Herrian 135.000 pertsonek eman zuten izena Euskaraldian eta horietatik 16.000 nafarrak izan dira. Guztira, 121 batzorde desberdin antolatu dira herrietatik eta haien eskutik ehunka ekitaldi antolatu dira azkeneko egunetan. Euskaraldian izena eman dutenek e-mail bat jasoko dute aste honetan bakoitzaren parte hartzearen inguruko hausnarketa egiteko. Halaber, euskaraldia.eus atarian “bizipenak” izeneko atala martxan jarri dute, ariketa iraun bitartean bizitako egoerak gogorarazteko.

“Euskaraldian zehar euskararekiko dugun jarrera garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa 12. egunetik duguna. Egun hauetan saiatu gara euskaraz aritzen euskaldunak direnekin edota ikasten ari direnekin. Hemendik aurrera, jende horrekin euskaraz gehiagotan aritu beharko ginateke, hori baita gure helburua”, adierazi du Oskar Zapatak.

2027. urtean iritsiko da Euskaraldiaren bosgarren edizioa. Goiz bada ere, laugarrenak izan duen arrakasta ikusita, gogotsu ekingo diote hemendik aurrera Taupa elkarteko kideek. Irrintzi Plaza saioan Oskar Zapata, Nafarroako Taupa elkarteko koordinatzailea gonbidatu dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!