Eraztunak oso ongi kontserbatuak ageri dira. Zirkunferentzia txikia dute eta erdigunean harria. Ez dira guztiz berdinak: "Antzekotasun asko daukate baina ez dira zeharo berdinak. Ezin da zehaztu norenak ote ziren. Aberats izandako norbaitenak izanen ziren kasik ziur herritar askok ez baitzuen urrezko eraztun bat izateko beste diru", adierazi du Oihane Mendizabal Antzinate Zientzietako doktore eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak. Zalduako (Auritz) aztarnategian 2018an aurkitutako eraztun baten antzekotasun asko ditu Donazaharren (Saint Jean le Vieux) topatutakoak: "Desberdintasun nagusia harrian duten marrazkian dago", azaldu du.
Erromatar garaiko galtzadak elkartutako bi aztarnategi dira, beraz Zalduakoa eta Donezaharrekoa. Mendebaldeko Pirinioak gurutzatzen zituen erromatar garaiko galtzadaren arrastoei jarraituz egiten ari dira aurkikuntza hauek Mugaz Gaindiko proiektuen bitartez. Artziko termak, Zanduetako eta Mugarriluzeko miliarioak, Zalduago aztarnategia bera edota Luzaideko sakaneko fibulak eta txanponak daude aurkintzen artean. Ikuspuntu arkeologikotik ondare-aberastasun handia duen eremua da eta Aranzadik ikerketa taldea handitu du azken urteotan. Euroeskualdearen laguntzarekin Pirenaus egitasmoan dauden buru belarri lanean.
Sarean lan egitearen garrantzia azpimarratu dute Ana Ollo kontseilari eta Euroeskualdeko presidenteak, Auritzeko alkate Unai Irigaraik eta Donazaharreko alkate Pierre Eyherabidek. Aranzadi Zientzia Elkartea 2011n hasi zen proiektu honetan indusketa lanak egiten. Hemendik aurrera ere segituko dute galtzada erromatar horietan barrena ibilaldiak egiten eta udan ikastaro bat ere eskainiko dute egindako aurkikuntzak ardatz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!