Gorka Ovejero: "Zundaketen lana sabotajeen bidez oztopatzen ari omen dira, baina salaketarik ez da egin"

Maialen Huarte Arano 2025ko mai. 20a, 08:44

Abiadura Handiko Trenaren kontrako plataformak atzo jakinarazi zuen Espainiako Gobernua eta Nafarroakoa egiten ari den zundaketa kanpainak ez duela etenik. Izurdiagan eta Otsobin herri mugimenduak lortu zuen geldiaraztea legezkoak ez ziren eta baimenik gabe abiatu zituzten zundaketa prozesuak. Orain, bestelako jakinarazpenak iristen ari dira zenbait udaletara.

Zundaketa lanen inguruan nahasmendua sortzen ari da. Zer gertatzen ari da?

AHTren proiektua luzea, garestia eta zentzugabekoa da. Egitasmoa gauzatzeko zenbait pausu eman behar dira. Azkenekoa, Bianako Printzea Elkarteak eman dituen baimenak izan dira: Irungo enpresa bati prospekzio azterketak egiteko aukera eman dio. 

Azterketa arkeologiko horiek aurpegi zuriketa hutsa iruditzen zaizkizue. Zergatik?

Larria da Bianako Printzeak esatea Ministerioak bidalitako proiektuen araberakoak izanen direla zundaketa lanak. Kontua da, bi egitasmo horiek, Aralarko edo Urbasa-Handiako magaletan joanen liratekeenak ez dutela aintzat hartzen EAJ, Geroa Bai, PP eta UPNk babesten ez duten alternatiba: Aralar saihestuz izanen litzatekeena. Eginen dituzten prozesuak alternatiba hori aztertu gabe eginen dituzte. 

Zundaketa lanei sabotajeekin erantzuten aritze leporatzen ari dira. 

Salaketarik egon ez den gauza batean oinarritzea gezurretan ibiltzea eta zuriketan aritzea da. Ez da salaketarik egon. Zer sabotajez ari dira?

STOP Zundaketak eta AHT Gelditu plataformatik zer eskatzen ari zarete?

AHT zentzugabekeria hutsa dela. EAJk onartu zuen 16 urteko eraikuntzaren ondoren ez zuela trenak salerosketarik eramanen. Nafarroako Gobernuko kontseilariak Nafarroan baietz, eramanen dituela esaten ari da. Etengabeko gezurrak eta diru publikoa ematen ari zaizkie enpresa pribatuei behar ez dugun tren batentzat. Betiko trena, Nafarroa saretzen duen hori hiltzen ari dira bitartean. 

Mobilizazioa eginen duzue. 

Maiatzaren 31n izanen da. Altsasun eginen dugu, sinbolikoki. Udala AHTren alde agertu da. 

Gorka Ovejerori egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!