20. hamarkada tristean harrapatutako belaunaldi oso baten hauskortasunean arakatzen duen diskoa da Mutikok eta Densok kaleratu dutena. Egileek adierazi dutenez, “ez du ez leku ez ahots bakar baten soinua izan nahi. Mapa emozional bat baizik”. Bi urte luze ibili dira lan berria prestatzen. Guztira hamar abesti dira, horietako zazpietan musikari eta lagunen kolaborazioak jasotzen dituztelarik. “Grabazio saio ugari leku desberdinetan egin ostean, eta kontakizunarekin bat egiten duten ahotsen konstelazio bat sortu eta gero, izen bat ezezik, adierazpen emozional bat ere baduen diskoa da”.
Gazte baten sentimendu eta egoeraren isla izan nahi du Sad 20´s diskoak: neurrigabekeriak, mendekotasunak, maitasunik ezak eta zaratak markatutako hamarkadan aurrera egin nahian dabilena. “Musikalki, diskoa naturaltasunez mugitzen da genero ezberdinen artean. Kantu bakoitza ideia kondentsatu batetik abiatzen da, estudioan gorputza hartuz joan zen irudi edo zirrara batetik, askotan lagunartean, zalantzazko egunsentietan edo grabazio arratsalde amaigabeetan. Horregatik, disko honek ez du leku ez ahots bakar baten soinua: mapa emozional bat da, denbora eta espazioan collage bat, non kolaborazio bakoitzak perspektiba bat, zauri bat, isla bat batzen duen”.
Irrintzi Plaza saioan Mutiko izan dugu gonbidatu, Sad 20´s diskoaz luze eta zabal hitz egiteko.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!