“Bihar arratsalderako ematen duten eguraldi kaxkarra ikusita, atsekabe osoz adierazi nahi dugu, arratsaldeko egitaraua eta herri mobilizazioa bertan behera uztera behartuak gaudela. Ekaitzak ez zigun utziko behar bezainbeste egitarauaz, eta euskararentzako, euskaraz eta euskaragatik sortu nahi genuen momentu goxoaz gozatzen. Eta Sorionekuak hori ere bada, poztasuna, zirrara, irribarrea”. Mezu honen bitartez Sorionekuak ekimenak bihar arratsalderako deitua zuen mobilizazioa ez duela egingo aurreratu du.
Hala ere, Ireki ateak euskarari lelopean antolatutako egitarau guztia ez da bertan behera geratuko. Goizean herri desberdinetako zubietan iragarritako elkarretaratzeak eta ondoren antolatutako ekitaldiei eutsiko die Sorionekuk. Deialdia 11tan izango da. “Zubiak dira elkarguneak. Euskara etorkizunerako zubi dela irudikatzeko baliatuko du”, adierazi du Ibai Sueskun bozeramaleak Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.
Arratsaldean egin beharreko mobilizazioaren ordez, Sorionekuak mugimenduak deialdia egin du “sare sozial ahalik eta gehienetan, mobilizazioko azken irakurketa partekatzea eta zabaltzea: Euskarari ateak ireki. Goazen, kanpoan ekaitza egin bitartean, gure etxeko goxotasunetik euskara zabaldu, mundura erakutsi eta hemen gaudela aldarrikatzera”.