Mirentxu Loiarte Espartza Iruñean jaio zen 1938an, eta euskal zinemako lehendabiziko emakume zuzendaria da. Parisko Zinema Independentearen Frantziako Kontserbatorioan ikasi zuen, CIFFen.
1960eko hamarkadan aldarrikapen politikoak eta linguistikoak egiten zituen mugimendu kulturalean sartu zen. Bertan, euskal zinemaren produktoreak aritzen ziren. Izan ere, 1968an Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek “Ama Lur” filma aurkeztu zuten Donostiako Zinemaldian, eta hori euskal zinemaren oinarritzat hartua dago.
1978an gure Mirentxuri iritsi zitzaion txanda, eta bere lehendabiziko lana aurkeztu zuen, Irrintzi. Film labur horrek Luis Iturriren testu bat hartzen zuen gidoi gisa, eta kalean ateratako argazki batzuk eta eszenatoki batean antzeztutako koreografia batzuk erabiltzen zituen. Espainiako Zinematografiako Zuzendaritza Nagusiaren Kalitate Sari Berezia jaso zuen.
Era berean, film hau Mariví Bilbao aktorearen lehenetariko lana izan zen. Horrez gain, lanaren argazki zuzendaria Javier Agirresarobe izan zen, urte batzuen buruan euskal aditu sarituenetarikoa izango zena. Pelikula labur hori Donostiako Zinemaldian ere estreinatu zen, lehen aipatu dugun “Ama Lur” filma bezala. Baina bigarren kasu honetan, emanaldia bukatu bezain pronto, polizia Loiarte atxilotzen saiatu zen. Zinemaldiko zuzendariak atxiloketa saihestu zuen, horrek poliziari interesatzen ez zitzaion eskandalu bat sortuko zuela esanez.
Horrelako oztopoak izan arren, Mirentxuk berean jarraitu zuen, euskal zinemaren izena handitzeko grinarekin. 1981ean Ikuska 12 zuzendu zuen. Lan horretan Euskal Herriko lau emakumek haien egoerari buruz hitz egiten zuten. Dokumental labur horrek 80ko hamarkadan zegoen egoera soziopolitikoan emakumeak zer-nolako rola zeukan hartzen zuen hizpide. Islatu eta adierazi nahi zuen normalean emakumearentzat gordeta zeudela merkatuetako lanpostuak, edo haurrak zaintzen, arrain-fabriketan, etab.
Hori bere azken lanetarikoa izan zen, arrazoi politikoak zirela eta, 1980ko hamarkadan Jose Antonio Urbiola senarrarekin batera Venezuelara erbesteratu behar izan zuen. Baina beti mantendu du oso harreman estua hemengo kulturgintzarekin.
2016an Iratxe Fresneda Irrintziaren oihartzunak izeneko dokumentala aurkeztu zuen Zinemaldian. Bertan, Mirentxuren bizitza kontatzen da, eta haren lanaren laburpena eta azterketa egiten da. Aurkezpenean Mirentxu Loiarte bertan izan zen, eta hainbat bizipen kontatu zituen.