Futbolak badu berea, txirrindularitzak ere, baina pilotan bazegoen kirolaren alderdi ludikoaz gozatzeko aplikazioaren hutsune bat. Orain arte. Izan ere, hiru nafar gaztek, Haritz Jamarrek, Ander Minak eta Unai Olazek, hutsune horri erreparatu eta Katedra aplikazioa sortu dute, pilota partiden kinielak egiteko app-a. Denbora gutxian 2000 deskarga inguru izan dituela argitu digute sortzaileek: "Erronka izan zen aplikazio profesional bat egitea, batez ere publikoarentzako erakargarria eta intuitiboa izatea".
Izan ere, lagunartean jokatzeko sortu zuten aplikazioaren lehenengo bertsioa, baina laster ohartu ziren publiko zabalari helarazi behar zitzaiola plataforma. Gazteen artean pilotazaletasuna sustatzea ere bada aplikazioaren helburuetako bat: "Eredu nahitaezkoa dugu futbola, eta argi dago futbolaren munduan aplikazio hauek gazteengan eragin handia daukatela". Hasieratik argi eduki zuten zerbait diru apusturik ez egotea izan zen, asmoa taldeka eta modu osasuntsu batean jokatzea baita.
Jolasa, hala, abian dauden lehiaketen kinielak osatzean datza. Kiniela bakoitzaren partiduetako emaitzak asmatzeaz gain, irabazlearen tanto-tartea eta irabazlea hautatu beharko dira, baina ez hori bakarrik. Jardunaldiko galdera estatitistiko batzuk sartu ditugu, baita jokalari hoberena hautatzearena. Etorkizunera begira, bestelako gauzak ere gehituko ditugu, sailkapen orokorra, adibidez".
Katedra aplikazioa iOs zein android gailuentzako dago eskuragarri ohiko app-en deskarga plataformetan.