Atzoko itzalaldiak Nafarroako Gobernuaren eta Larrialdi zerbitzuen arteko bilera hainbat eragin zituen. Goizean batzartu dira berriz egoera zein den aztertzeko. Besteak beste, Mikel Irujo Industria kontseilariak hartu du parte batzarrean eta Euskalerria Irratian azaldu du une hauetako errealitatea zein den. (Argazkian klik eginda entzun daiteke elkarrizketa).
Nola bizi zenuten atzoko itzalaldia?
Bada denok bezala, lehen unean, hasieran, pentsau genuen gure bulegoko zerbait zela edo gure eraikinarena, baina berehala ohartu ginen orokorragoa zela. Espainiako Sare Elektrikoarekin eta Iberdrolarekin jarri ginen harremanetan eta Nafarroako Gobernuko bozeramalea, Amparo Lopez eta biok jo genuen Larrialdi zerbitzuetako egoitzara. Kaosa handia izanen zela sumatu genuen eta koordinazioa ezinbestekoa izanen zela bagenekien. Argindarra erori zen, baina komunikazioek ere huts egiten zuten. Iberdrolako arduradun bat ere izan zen gurekin batzartuta eta haren bidez jakin genuen nola zihoan itzalaldia: 48 orduko arazoa izan zitekeela ere esan zigun hasieran. Horren aurrean larritzen hasi ginen, zenbait zerbitzutan 24 ordurako suministroak baino ez daudelako, besteak beste, komunikazio zentroetan. Arazoa larritu zitekeen. Arratsaldean jakinarazi ziguten zuzentzen ari zirela arazoak eta gauean %80an berreskuratua zegoela argindarra. Gaur goizean, komunikazioetan arazoek segitzen dute: Tafallan eta Erriberan oraindik ere internet eta telefono zerbitzuetan hutsegiteak dituzte. Espero dugu eguerdirako berreskuratzea normaltasuna.
Osasun sisteman ez zen arazo gehiegirik sortu, ezta?
Protokolo bat dago energiaren arloan, lege dekretu batek arautzen duena. Zerbitzu kritikoak dira lehentasuna: ospitaleak, erresidentziak eta garraioak. Bat-batean energiarik gabe geratu zen zerbitzua, eta energia berriz sarean sartzea da apurka-apurka egin behar dena. Behin sare nagusiak betetzen direnean, distribuidore bat hasi ahal da sare txikietan energia sartzen. Erabakitzen dute non sartu lehenbizi: osasun arloak lehenbizi, etxebizitzak eta enpresak dira azkenak. Bereziki energia asko kontsumitzen dutenak dira azkenetarikoak sareari oreka bat eman behar zaiolako. Ospitaleek gainera, elektrojenoak eta bateriak dituzte. Oso ongi prestatuak daude eta ez dute inzidentzia askorik izan.
Industriaren sektorean, zein da egoera orain?
Une hauetan, eta gauerako, kasik Nafarroako enpresa guztiek suministro energetikoa zuten. Gaur goizerako Nafarroan enpresen %100 badu suministroa. Lantoki bakoitzak baditu bere barne arazoak: internet gabe daude batzuk eta ezin dute abiarazi euren ekoizpena, Volkswagenen ere zailtasunak dituzte beren sistema informatikoak berreskuratzeko. Barruko eraginak dituzte orain, baina energia badute.
Zer eta nola gertatu da arazoa. Globala izan da, baina ba al dakigu nondik etorri den?
Espero dezagun jakin ahal izatea ahalik eta lasterren zer gertatu den. Jakin behar dugu ez dugula berriz ere arazoa izanen. Energia beti beteta mantendu behar da eta orekatuta. Oreka galtzen denean datoz arazoak tentsio aldaketetan adibidez. Horrek eragin handia sortzen du enpresetan, arazoak. Barruko prozedurak abiarazten dituztenean atzematen dute hori. Sare Elektrikoak esan digu Penintsula osora itzuliko dela oreka gaur egunean zehar. Euskal Herria izan da energia elektrikoa berreskuratzen lehena Frantziako Hegoaldetik datorrelako.
Zer gertatu den jakitea garrantzitsua da, besteak beste, kalte ordainak nork ordaindu beharko lituzkeen jakiteko.
Diru galerak handiak izanen dira. Egun oso bateko arazoa izan zelako eta gaur ondorioak izanen ditugulako oraindik. Ebaluatzeko oso goiz da. Atzo bertan enpresa eta erakundeekin harremanetan izan nintzen. Informazioa helarazten ari gara. Datorren asterako informazio gehiago jasoko dugu eragina zer nolakoa den jakiteko. Argi dagoena da, egun bateko eten erabatekoa izan zela.
Bilera ugari izaten ari zarete atzotik.
Bai. Bereziki intentsiboak diren enpresekin ari gara harremana izaten. Bakoitzak bere arazoak ditut. Batzuek ez dute bakarrik egun bateko produkzioa galduko, eragina denboran luzatuko zaie zenbait egunez.
Zein mezu helaraziko zenuke?
Prestatuak egon behar dugula edozein larrialdiren aurrean. Momentu honetan edozein gauza gerta daiteke. Izurritearen ostean suteak, uholdeak, gerrak, krisi energetikoak... izan ditugu. Protokoloak ongi funtzionatu dute. Informazioa erabatekoa izan zen. Sare Elektrikoak ere ez dakit oraindik zergatik gertatu zen itzalaldia. Osasun arloak ongi egin zion aurre eta hori garrantzitsua da. Nafarroako hiru ospitaleek energia izan zuten etengabe. Adi egon behar gara. Urduri jarri gabe, baina jakinda sistema ahul batean bizi garela. Teknologikoki dependentzia handia dugu. Indartu beharra dago protokoloen sistema eta komunikazioa eta industria nola prestatu ere pentsatu beharko dugu, larrialdietan prest egoteko. Herritar bezala adi egon behar gara eta kontziente izan sortu daitekeenaz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!