Norabide berriak edo hasi berri diren bideak. Horien artean aurkitzen dira Ibai Osinaga musikariak Metropoli Foralera ekarri dizkigun nobedade musikalak.
Black Country, New Road taldearen hirugarren lanak, alde batetik, norabide aldaketa ekarri du taldean. Norabide baino, ahots aldaketa. Izan ere, taldeko abeslariak Ants Form Up There bigarren diskoa plazaratu ondotik iragarri zuen erretiroa, eta ordutik taldeko koroak egiten zituena izan da ardura hori hartu duena. Gizonezko ahotsetik, emakumezkora pasa da taldea, beraz.
Sorotan Babies taldearen jarraipen gisa hartu daitekeen Noiz talde berriaren lehenengo abestia ere ezagutu dugu. Inguma dagoeneko entzungai dago plataforma guztietan eta laster izanen da disko osoa ezagutzeko parada. Abenduan grabatu zuen taldeak lana Berako Atala Estudioan, taldekide den Iñigo Irazokiren gidaritzapean. Osinagak nabarmendu bezala, analogikoan grabatutako lana da eta atzematen da, "argazki zaharretan bezala, baduelako grano moduko hori".
Etxera jo du bukatzeko. Kilikiren bi abestiren aipuan, musikariak ekin duen bide berriaren bueltan aritu da Osinaga. "Ezagutzen dugunok badakizu zenbat musika entzuten duen eta zein musikari ona den, eta ez gaitu harritu egin duenak". Bide berri horretan, hurrengo urratsak zeintzuk izanen diren itxaron beharko da orain. Bitartean, zuzenekoak ikusteko gogoz dagoela azpimarratu du Osinagak.