Xabier Murciano (irakaslea): "Arazo asko sortzen dira eta baliabide gutxi ditugu"

Maialen Huarte Arano 2025ko api. 14a, 09:02

Zazpigarrenez lanuzteak eginen dituzte hezkuntza publikoko ikastetxeek. Iruñerriko irakasleak daude gaur deituta protestekin bat egitera. Hezkuntza publikoko sindikatuen gehiengoak egin du deia: Steilas, LAB, CCOO eta ELAk. 09:00etatik 11:00tara eginen dituzte mobilizazioak. Hezkuntza publiko kalitatezkoa exijitzen ari dira. 

Lanuzteak izanen dituzte gaur hezkuntza publikoan. Zazpi egunez zazpi tokitan egin dituzte eta gaurkoa da protesta egun horien azkena. Iruñerriari dagokio gaur hezkuntza publiko eta kalitatezkoaren aldeko aldarrikapenarekin bat egitea. Hezkuntza publikoko langileak ordezkatzen duten sindikatuen gehiengo batek deitu du lanuztera: Steilas, LAB, Comisiones Obreras eta ELAk. 09:00etatik 11:00tara eginen dituzte lanuzteak. 

Mendillorriko institutuko Xabier Murciano irakaslearekin hitz egin du Euskalerria Irratiak. Hark azaldu du motibo bat baino gehiago dagoela lanuzteekin bat egiteko: "Gehiegizko ratioak ditugu eta ikasleek behar duten arreta egoki eskaintzera ez gara iristen, pedagogo eta terapeutek ordu gutxiegi eskaintzen ahal dizkiete, orientazio orduak ere gutxiegi dira, behin behinekotasuna handia da, izan ere, lan-taldearen erdia gutxi gora behera urtero aldatzen da, psikologoen falta ere agerikoa da eta gehiegizko burokrazia ere badugu egunerokoan", azaldu du Murcianok. 

Irakasle izanen bagina, ⁠DBH eta Batxilergoko gela bateko atea gurutzatu, honexekin eginen genuke topo: "Arazo askorekin eta baliabide gutxirekin aurkituko zenukete ikasgela bakoitza. Ikasle asko dira eta gatazkaren bat sortzen bada ere ez gara iristen ahal erantzutera. Azterketak prestatu behar dira, proiektuak egin eta egunerokoan sortzen direnak zuzendu. Ezinezkoa da. Sentsazioa da itota gaudela", adierazi du. Kalitatezko hezkuntzaren alde egiten ari dira eta hori erdiesteko bidea itxita dagoela iruditzen zaie: "Hezkuntza departamentuak eta Maria Txibitek berak ez dute borondaterik baliabide gehiago jartzeko", gaineratu du. Xabier Murcianorekin egindao elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!