Viana Hiria artisautza zokaren 36. edizioak igandean izanen du bere egun nagusia. Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Errioxa, Aragoi eta Kantabriatik bertaratuko diren 60 artisauk baino gehiagok hartuko dituzte herriko kale nagusiak, beira, bitxigintza, zeramika eta artile lanen erakuslehio bilakatuko direnak. Ez dira faltako gazta, eztia, patea, txokolatea edo euskal pastela saltzeko elikagai postuak ere.
Igandea egun nagusia bada ere, asteazkenetik aurrera luzatu den egitaraua prestatu du Erentzun Fundazioak. Zuriñe Santxo antolakuntza taldeko kideak argitu bezala, aurten dantza hartu du ardatz nagusi egitasmoak. Hala, larunbatean horri eginen zaio lekua. 11:00etatik 12:30etara Foru enparantzan, dantza ikastaroa emanen da Nafarroako Dantzarien Biltzarraren eskutik, eta 13:00etatik 14:30etara Topa Dantza egonen da.
Igandean, aldiz, 11:00etan emanen zaio hasiera egunari, Foru enparantzan izango den inaugurazio ekitaldiarekin. Bertan Erentzungo Eskortak sariak banatuko dira. 12:15etan Coso enparantzan, Erentzun Dantza Taldearen eta Andutz
Dantza Taldearen emanaldia egonen da.
Erentzun Fundazioak antolatzen duen egitasmoak, Santxok nabarmendu bezala, iragan eta etorkizuna lotzeko zubilana egitea du helburu, euskararen eta kulturaren transmisioa bultzatuz belaunaldien artean. Tradizioa eta berrikuntza, izan ere, eskutik doaz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!