Joxe Mari Agirretxe, Porrotx: “Euskal haur irri-publika bat nahi dugu”

Euskalerria Irratia 2025ko api. 10a, 18:00

Maiatzaren 3an Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei omenaldi herritarra antolatu du Maite Zaitut Kultur Elkarteak BECen

Gaztelaniaz egin zituen ikasketak umea zelarik, baina 16 urterekin euskararen aldeko hautua egin zuen. Euskara freskatu, irakasle ikasketak euskaraz egin eta gure hizkuntza sustatzea erabaki zuen. Umeak zoratzen eta pozten ditu, gurasoak liluraturik uzten ditu eta aitona-amonak gaztetu ditu 37 urte luzeko ibilbidean. Ez da erraz umeak txintxo-txintxo ordu betez egotea lortzea, are gutxiago ahozabalik uztea. Baina pailazo hauek lortzen dute, ondo lortu ere. 31 ikuskizun taularatu eta 39 disko argitaratu dituzte. Eta Irrintzi Plazara gerturatu zaigun gonbidatua hasierako egunetik lan eta lan ibili da taldean, 1987ko abenduaren 24an lehen aldiz jendaurrean jarri zenetik. Beti irribarre batekin ahoan, beti jator bezain zoro.

Haserretze gozoa ere badu: Katxiporreta esan eta gero ezin baikara serio jarri. Auzolana, herrigintza eta komunitatea ditu baliabide, euskal haur herri irri-publika bat sortzeko helburuarekin. Bizipoza barreiatzen du Euskal Herriko txoko guztietatik bere sudur gorri, ile urdin nahasi, zapata handi eta bihotz are handiagoarekin. Marrubi eta txokolatezko muxu banatzaile onena izan dugu gonbidatu Irrintzi Plazan: Joxe Mari Agirretxe, Porrotx. Ezinezkoa delako jakitea non amaitzen den bat eta non hasten den bestea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!