Manifestazio jendetsua egin dute BSHko langileek

Maialen Huarte Arano 2025ko api. 9a, 16:39

Bi hilabete baino ez dira gelditzen BSHk Eskirozko lantokiarekin zer eginen duen erabakitzeko. Lan batzordeak deituta manifestazioa egin dute ehunka langile eta senideek lantegitik Nafarroako Industria Elkarteak Cordobillan duen egoitzaraino. Han du BSHko zuzendariak bulegoa eta eskatu diote langileen ahotsa entzun eta irtenbide egokiak mahai gainean jartzeko. Ostiralen langileen ordezkariek bilerak dituzte Madrilen: Lan Ministerioan lehena, Ekonomiakoan bigarrena.

Eskirozko BSH lantokitik atera da manifestazioa gaur eguerdian. Ehunka lagunek egin dute Nafarroako Industria Elkarteak egoitza duen lekurainoko bidea. Bertan du bulegoa BSH Eskirozko zuzendariak, Jose Justek. Oihuak tartekatu dituzte manifestazioak iraun duen bitartean eta Elkartearen atarian: "Dagoeneko ez da lagunik geratzen Balayn", "Juste entzun, etorkizuna negoziatu nahi dugu" eta "BSHk badu etorkizunik". Protesta sorta egiten ari dira langileak euren etorkizuna erabakitzen ari diren honetan ez delako euren ahotsa entzuten ari: "Justek betoa jarri zigun eta mantendu egiten du egun oraindik", adierazi du Sergio Ayucar BSH Eskirozko langile eta LAB sindikatuko ordezkariak. 

"Jendetza atera gara gaur ere gure aldarrikapenak entzun ditzaten eskatzera", esan du Ayucarrek. Madrilen bilerak izanen dituzte ostiralean: Lan Ministerioan izanen da lehena eta Ekonomia Ministerioan bigarrena. "Aukera baliatuko dugu gure kezka plazaratzeko, gure iritzia emateko eta parte aktibo izan nahi dugula argi uzteko", azaldu du. 

Hemendik aurrera ez dituzte protestak albo batean uzteko asmorik. Jokoan dago 1.000 familia ingururen etorkizuna eta ez daude prest besoak gurutzaturik gelditzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!