Gaizka Uharte (LAB): "Kudeaketa okerrak eramanen du Sunsundegi heriotzara"

Maialen Huarte Arano 2025ko api. 4a, 13:15

Altsasun, Sunsundegiren lantokiaren parean elkartu dira langileak. Elkarretaratze bat eta agerraldia: "Heriotzara kondenatu gaituzte, nahiz badakiten lana badagoela eta lan taldea kualifikatua dela", adierazi dute enpresa batzordeko kideek. Apirilaren 14an sartuko da enpresa likidazioan eta lantokiaren "amaiera" izanen dela uste dute. Oraindik esperantzarako zirrikiturik badela uste dute eta Nafarroako Gobernuari dei egin diote azkeneraino saia dadin etorkizuna ziurtatuko dien mugimendua egitera. Heldu den astean mobilizazioak eginen dituzte Altsasun. 

"Heriotzara kondenatu gaituzte", hitz horiekin eman diote amaiera Altsasuko Sunsundegiko langileek gaurko agerraldiari. Lantokiaren atarian batu dira. Apirilaren 14an sartuko da enpresa likidazioan eta horren aurrean ez direla geldirik geratuko jakinarazi dute: "Azken aukera arte borrokan segituko dugu". Sakanako LAB sindikatuko ordezkaria da Gaizka Uharte: "Enpresak egindako kudeaketa okerrak eraman du Sunsundegi egoera honetara". Langileak kezkatuta daude eta saminduta: "Lana badago eta lan talde kualifikatua gara. Ezin sinetsirik gaude egoera honetan egon gaitezkeenik". 340 langile ari dira une hauetan lanean Sunsundegin eta zeharkako lanpostuak kontuan hartuta 500 inguru gera daitezke kale gorrian. 

Nafarroako Gobernuaren babesa sentitzen dutela diote langileek: "Aritu dira aukerak aztertzen, baina beharrezkoa da azkenera arte saiatzea, ahalegintzea, aukera desberdinak mahai gainean jartzea, irudimena erabiltzea". Heldu den astean, hilaren 9an elkarretaratzea eginen dute eta manifestazioa ostiralean. Bi protestak Altsasun eginen dituzte. 

LAB sindikatuko Sakanako ordezkari Gaizka Uharterekin egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!