1995eko apirilaren 8an Artzibarreko herri hustua eta utzia zen Arizkuren. Zarikieta mendilerroko Araxamendi mendiaren magalean zegoen herri honek aspaldi ez zuen bizitzarik. Erortzeko zorian zeuden lau edo bost etxe eta erabat hondatuta zegoen elizara iristeko bidea ere itxita zegoen.
Hirigunetik aldendu eta naturarekin kontaktua berreskuratu nahi zuten gazte talde bat iritsi zen orduan herrira. Lakabeko esperientzia adibidetzat hartuta, Iruñeko Euskal Jai gaztetxean hasi ziren proiektu komunitario eta autogestionatua gorpuzten. “Gure arbasoek naturarekin zuten harremana berpiztu nahi genuen, hirietan zegoen zarata, estresa eta presa horiek albo batera utzita”. Sandra Ruiz, Arizkurengo bizilaguna da. Lehenengo egunetik egon da bertan herria berpizten eta berreraikitzen.
“Hasieran kanpaina dendetan lo egiten genuen. Arizkurengo etxeek ez zuten teilaturik. Hala ere, goizean ilusioz beterik altxatzen ginen herria eraikitzeko asmoz”. Ez ziren garai errazak izan. Itoizko urtegiaren kontrako borroka betean iritsi ziren Arizkurenera. “Bailaran hustuta zeuden herriei bizi berria ematen natura defendatzen genuen eta hango herriak bizirik mantentzeko borondatea erakutsi nahi izan genuen”.
Aste hasieran bilera egiten dute herrian bizi edo denbora baterako dauden bizilagunen artean. Txandak egiten dituzte: bazkaria eta afaria prestatzeko, erosketak egiteko edota bidaiak antolatzeko. Lan talde desberdinak ere badaude: eraikuntzak hobetzeko, bideak berritzeko edota herriaren norabidea zehazteko.
“Etorkizunera begira erakundeen aitorpena ezinbestekoa da. Kontzeju bezala antolatzea da gure nahia, baina egungo legeek ez dute baimentzen, gutxienez ehun biztanle ez bagara. Arizkuren bezalako komunitateak kontutan hartu beharko lituzke Gobernuak despopulatzearen kontrako lege berrian”.
30 urteko ibilbidea ospatzeko egitarau zabala prestatu dute apirilaren 4tik 8ra. Irrintzi Plazan Sandra Ruiz Arizkurengo bizilaguna elkarrizketatu dugu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!