Billabesak berriz geldirik izan dira 06:00etatik 08:30etara. Gutxieneko zerbitzuak baino ez dira atera. Lanuztea egin dute langileek eta hamaikagarrena izan da gaurkoa. Lan hitzarmenak onurak txertatu beharko lituzke euren lan baldintzak duinak izateko, hala adierazten ari dira. Asteazken eta ostiraletan eginen dituzte lanuzteak bi asteotan, eta gero, astelehenak ere gehituko dituzte.
Ez dute aldaketarik ikusi ez enpresaren baitan ez eta Mankomunitatearen baitan ere. Isuna jarri dio azken honek TCC Moventis enpresari ibilgailuen mantentze lana ez egiteagatik, baina hori ez zaie nahikoa iruditzen: "Itxurakeria da egin dutena. Moventis taldeak milioi bat euro baino gehiagoko irabaziak izan ditu berriki eta 30.000 euroko isuna izateak ez dio eragin askorik eginen", adierazi du Mikel Gerra billabesetako langileak. "Oso eroso sumatzen ditugu enpresa eta mankomunitatea. Guk, erabiltzaileekin errespetuz ez genituzke lanuzte gogorragoak egin nahi, baina horretara garamatzate", ohartarazi du Gerrak.
Aurrera pausorik ezean, beraz, lanuzteekin segituko dutela berretsi dute gaur: "Eutsi egiten diogu langileek batasunari eta borrokan segitzeko asmoa dugu", esan du Gerrak. Ostiralean izanen dute hamabigarren lanuzte eguna.
Mikel Gerrari egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!