Irati Goikoetxea: “Elkartze horri esker gaur arte existitzen ez zen harreman bat, bihar, berri bat izan daiteke"

Bidane Beloki Ezker 2025ko mar. 21a, 12:28

Giza-liburu bilakatzen diren pertsonen bidez kontakizunak ezagutu eta harremanak sortzeko topaketa da 'Giza liburutegiak'. Abendura bitartean Nafarroako hainbat liburutegitan garatuko da programa. Arrazakeriari eta xenofobia, LGTBI+ berdintasuna eta nahi ez den bakardadearen gaiak jorratuko dituzte. Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuko zuzendari Irati Goikoetxearekin mintzatu gara Metropoli Foralean.

Nafarroako Gobernuak 'Giza Liburutegiak' proiektua aurkeztu du. ’Giza-liburuen’ testigantzen bidez Nafarroako herritarren arteko topaguneak sortzea du helburu. Herritarrek istorioak dituzten pertsonen zuzeneko testigantzak aurkitu eta ezagutzeko guneak dira. Liburuak irakurri ordez entzun egiten dira modu aktiboan, solaserako bide irekiak zabalduz. Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuko zuzendari Irati Goikoetxeak azaldu digu Metropoli Foralean.

Gertuko topaketa bat da, talde txikietan egiten dena. “Pertsona bat prest azaltzen da bere bizi esperientzako pasarte bat kontatzera, toki eta espazio seguru batean, jakinda berarengana hurbildu dena, belarri zabal hurbildu dela, jarrera irekiarekin, kontatzeko duen hori entzutera”, azaldu du Goikoetxeak.

Programazioa

Martxoaren 18an abiatu zen zikloa, Lodosako liburutegian, arrazakeriari eta xenofobiari buruzko topaketa batekin, hori baita lehenengo blokea. Horren baitan hurrengo saioak ere egingo dira: Arrosadiako liburutegian martxoaren 21ean, Caparroson apirilaren 10ean, Miranda de Argan apirilaren 3an eta Eguesibarren maiatzaren 24an.

Maiatzean eta ekainean LGTBI+ berdintasunaren gaia jorratuko dute. Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren eta LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan, LGTBI+ pertsonek euren esperientziak partekatuko dituzte.

Urria eta azaroa bitartean, nahi ez den bakardadearen gaia jorratuko da. Landa-inguruneei, hiri-inguruneei, adinekoei eta gazteei eragiten dien gaia da. Ekimena abenduan amaituko da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren (abenduaren 10a) eta Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunaren (abenduaren 18a) artean ospatuko den Giza Liburutegiarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!