Inpunitatea. Egiarako eskubideak ez du preskribatzen goiburuarekin batzartuko dira igandean Iruñean Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak antolatutako ekitaldian. Hizlarien artean, Joxe Miguel Etxeberria Naparraren anaia izanen da. Euskalerria Irratiak elkarrizketa egin dio ekitaldiaren harira eta argazkian klik eginda entzun daiteke.
Ekitaldia zertarako baliatuko duzue?
Kasu pertsonaletik harago, Espainiaren partez sufritutako bortxaz ariko naiz ni. Egia ez jakiteak, bortxa horiek jendearengan eragina izaten segitzea dakar. Inpuntitatearen bidetik, gainera. Pasaiako sarraskian gertatutakoa ere adibide bat da. Sarraski hura giza eskubideen kontrakoa izan zela adierazi berri dute. Kasu askotan egia jakiteko eskubidea urratu egiten da oraindik Estatuaren partez, Sekretu Ofizialen Legeari atxikita.
Erakundeek asko dute bide horretan egiteko?
Gertuko erakundeek pausuak ematen ari dira, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan adibidez. Batzordeak hasi dira ikertzen. Piskanaka. Espainiak erabilitako indarkeriak min handia eragin du gurean. Baina talka bat dute Sekretu Ofizialen legearekin. Pedro Sanchez presidenteak ba omen du legea aldatzeko asmoa, baina zuhurtziaz hartu beharrekoa dela iruditzen zait. Ez naiz batere baikorra. Espainiak estaltzen segitzeko motiboak izan ditzakeelako. Denborak esanen digu nolako aldaketa izanen den eta zer jokabidea izanen duten.
Zure anaiaren kasuan, oraindik ere egiak ez du argirik ikusi…
Iaz egin genuen bigarren indusketa. Ez zen posible izan gorpuzkiak lortzea. Horte segitzen dugu borroka batean zer gertatu zen jakin nahian. Euskal Herrian hainbat dira gisa honetako kasuak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!