Xabi Bandini: “Maite ditugunak zaintzearen aldarria egiten dugu”

Unai Lako Goñi 2025ko mar. 20a, 18:57

Kerobia taldeak ‘Poliorketes. Etxe setiatua’ lan berria kaleratu du gaur

Urte eta erdi egon dira lan berria prestatzen. Idazten, konposatzen, grabatzen… eta gaur kaleratu da banda honen proposamen berria. Poliorketes du izena. Kerobia bueltan da.

Eneko Requetibate, Lur Larraza, Txus Aranburu, Alberto Isaba eta Xabi Bandinik osatutako taldeak lan berria proposatzen digute eta Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazan, Xabi Bandini taldeko abeslariarekin eta letren sortzailearekin hitz egin dugu.

Bandinik idatzi duen testu batean du oinarria disko berriak. Azala Maite Gurrutxagak diseinatu du. Bertan, etxe handi bat ikusi daiteke. Hiru solairua eta sabaia handia du etxeak. Binilo formatuan argitaratu den diskoarekin batera datorren testuan aurkezten du Kerobiak etxea: Gelak, hamaika osotara, hutsik izan ohi dira, asteburu edo egun berezi batean familiako kideak etortzen diren arte. Orduan etxeak beste kolore bat hartzen du, beroagoa. Urdinetik gorrira pasatzen da. Normalean, egia da, eguraldi polita dagoenean izaten ditu bisitak. Horrek laguntzen du transformazioan”.

Xabi Bandiniren hitzetan “diskoa polita geratu zaigu. Permanentea izan nahi duen lana da, baina ez inportantea. Zer pentsatzen dugun edota zein iritzi dugun ez du garrantzirik. Sare sozialetako zarata alboratu behar dugu eta maite ditugunak zaintzen saiatu behar gara. Gure familiak, gure lagunek emango diote berotasuna gure etxeari, baita diskoan agertzen den etxeari ere. Kerobia taldeak musikarekiko duen jarrera aldatu da. Alor komertziala albo batera utzi nahi izan dugu eta garrantzia gehiago eman musikari eta hitzei. Diskoa sinplea da. Gure nahia da jendeak entzutea eta gozatzea da. Besterik gabe”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!